Zurrumurruen eta estereotipo arrazial nahiz homofoboen aurka ZAS Sareak Ordizian amaitu du kaleko ekimena
Plaza Nagusian hainbat postu jarri dituzte, batez ere etorkinek jasaten duten orban sozial hori gainditzeko. Amazigh kulturako espresio batzuk erabili dituzte herritarrek zenbait uste oker eta aurreiritzi gainditzen laguntzeko.
ZAS sareak Ordizian amaitu du gaur 2022ko kaleko presentzia. Urriaren 15ean Gernikan (Bizkaia) eta urriaren 22n Agurainen (Araba) egin bezala, EAEko ibilbidea amaitzeko, Gipuzkoako ekintza-gune nagusia Ordiziako Plaza Nagusian kokatu dute, gaur 11:30etik aurrera.
Administrazio publikoko erakundeek (jaurlaritza, EAEko hiru diputazioak eta udalak, Ordiziakoa tartean) eta gizarteko erakunde nahiz elkarteek osatzen dute ZAS sarea. Gizarteko zenbait komunitate edo multzo gutxituren aurkako zurrumurruak, aurreiritziak eta estereotipo ezarriak gainditzen laguntzea da ekimenaren helburua. Haiei txertatzen laguntzeko, uste okerrak eta jarrera desegoekiak gainditzeko ariketa kultural bat.
Zenbait postu jarri dituzte, plazan. Amazigh kultura oso presente egon da. Henna margoketak egiteko postuak, txapak egitekoa, edo amazigh kaligrafia erakustekoa jarri dituzte. Musika talde batek ere jo du.
Lehen aldiz atera dute ekimena kalera aurten, ZAS sareko idazkari tekniko Sara Garciak argitu duenez. Ordizian amaitu dute, azken azoka edo hartu-eman gunea jarrita.Ordizian bertako Kulturen Arteko VI. Topaketaren egitarauan ere txertatu dute azoka. Azaroaren 2tik 20ra garatuko dute. Datorren asteburuan, adibidez, munduko arrozen eguna izango da. Zortzi herrialdetako sukaldaritza kulturak batuko dituzte Ordizian.
Argazkiak: Aimar Maiz