Mutiloako XIV. Txerri Azokan jende ugari
Goizeko 10etan hasi eta goiz osoan zehar Txerri Azoka izan dute Mutiloan. Azokan txerrikiez gain beste zenbait produktu ere izan dituzte. Jende ugari gerturatu da goizean zehar.
Jakina da mutiloarrak “txerri gorriak” direla ezizenez, eta haien ezizena ez da izen soilean geratu gaurkoan, txerria izan baita jaiaren erdigune. Mutiloako Txerri Azokaren XIV. edizioak hartu du gaurkoan Mutiloa, jendetza erakarriz. Goizeko 10etan eman diote hasiera ofiziala azokari. Bertan denetariko produktuak topatu ahal izan dituzte gerturatu direnek, txerrikiak nagusi zirelarik, noski. Txerri erretzea, urdaiazpiko mozte erakusketa eta dastaketa, txerri erausketa eta odolki eta txorizo dastaketaz gain ekoizle ugariren produktuak izan dituzte azokan, hala nola, eztia, ehunez eginikoak, haziak, apaingarriak, bitxiak, ukenduak, erroskilak… Etxeko txikiek ere izan dute haien neurrira egokitutako jaia. Eskulanen txokoa izan dute goiz osoan zehar.
Goizeko 12etan, ondoren, odolkiak egiteko erakustaldia eta ondoren erretako txerriaren dastaketa izan dute, pintxoekin lagunduta. Honek ere erakarri du jendea Mutiloara.