Aizkorri-Aratz parkeko gazta lehiaketa egingo dute Zegaman
Larunbatean San Martin feria ospatuko dute. Gaur, 19:00etan parketxean, Alvaro Aragonek 'Abeltzaintza eta pago motzak uztartuz' hitzaldia egingo du
Zegaman San Martin feria egingo dute larunbatean. Ekitaldi nagusia, urteroko moduan, Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta lehiaketa izango da.
Egitaraua astelehenean hasi zen, ardo eta gazta dastaketarekin. Gaur, 19:00etan, Alvaro Aragonek Abeltzaintza eta pago motzak uztartuz hitzaldia egingo du Anduetza parketxean.
Larunbatari dagokionez, 09:00etatik 12:00etara herriko abereen erakusketa eta lehiaketa egingo dute, pilotalekutik Urgainberri auzora bitarteko eremuan. 14:00ak arte parke naturaleko gazta salduko dute pilotalekuan eta artisau produktuak ikastetxeko patioan, pilotalekuan eta plazan.
10:00etan txistulariek kalejira egingo dute eta 11:00etan gazta lehiaketa eta Eusko Labeldun Tolosako babarrunaren dastatzea hasiko dira. Lehiaketa plazan izango da eta dastaketa, ikastetxeko patioan. Gazta lehiaketan hiru sari banatuko dira. Iaz, Goierriko jatorria duen La Leze gaztandegi arabarra nagusitu zen.
13:00etan abere lehiaketako sariak banatuko dira eta 13:30ean gazta lehiaketakoak. Bi sari banaketak Toki Alai pilotalekuan egingo dira. Ondoren, lehiaketara aurkeztutako gaztak dastatzeko aukera egongo da. Bazkaldu aurreko ekitaldiekin bukatzeko, 13:00etatik 15:00etara txakolin dastaketa egingo dute Tartaloetxe elkartean.
Arratsalderako bi ekitaldi antolatu dituzte. 17:30ean haurrek buruhandiekin jolasteko aukera edukiko dute herriko plazan eta 18:00etan herritarren arteko eskuz binakako pilota txapelketako finalak jokatuko dira Toki Alai pilotalekuan.
Igandeko ekitaldiak
Igandean ere San Martin feriaren inguruan antolatutako ekitaldiak egongo dira. 17:00etan, Hodei magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da ikastetxeko gimnasioan eta ondoren txokolatada egingo dute.
Festa, baina, ez da astearekin amaituko. San Martin feriaren inguruko azken ekitaldia hilaren 24an izango da. Egun horretan, Luis Mari Zalduak Aintzinateko jainko-jainkosak (eta Zegama izena) hitzaldia egingo du. Ekitaldia Anduetza parketxean izango da, 18:30ean.