EH Bildu eguna ospatuko dute Beasainen azaroaren 19an
'Amets guztiak, borroka guztiak' lelopean egingo dute ospakizuna. «Komunitatea indartu eta etorkizuneko erronkak finkatzeko eguna izango da».
Amets guztiak, borroka guztiak lelopean, EH Bildu eguna ospatuko dute Beasainen, azaroaren 19an. EH Bilduren 11 urteotako ibilbidea borobildu nahi dute horrela.
Nerea Manzisidor Beasaingo EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, «koalizioaren oinarriarekin eta komunitatearekin ospatzeko eguna izango da, komunitatea indartzeko eta aldarrikapen sozialerako eguna, baita etorkizuneko erronkak finkatzekoa ere». Beasaingo EH Bil- duko kideak gehitu du, «gure gizartearen eta herriaren balio eraldatzailearen garrantziaz jabetzeko» eguna izango dela azaroaren 19a.
EH Bildu «aldarrikapen komunitate oso bat barnebiltzen duen mugimendua» dela, «oraingo lerrotik, herri justuago bat, sozialago bat, euskaldunago bat, feministago bat,… defendatzan jarraituko dugu». Aurrerantzean, «11 urteotan egindako lanari segida emango diogu, maila guztietan».
Izan ere, instituzioetan, «herri mailan eragiten bakarrik ez, nazio bat eraikitzeko proiektu bat badugula aldarrikatzeko eguna» ere izango dela iragarri du Manzisidorrek.
Egitaraua
Azaroaren 19an, 11:00etan emango diote hasiera Beasaingo EH Bildu egunari. Udaletxeko batzar aretoan, herri batzarra egingo dute. Bertan, orain arteko ibilbidearen balorazioa egingo dute, baita datorren agintaldirako dituzten erronken berri eman ere. 13:00etan, triki poteoa egingo dute, herrian zehar. 14:00etan, eguneko ekitaldi nagusia egingo dute. Hautetsiei eta herrigintzan lanean jardun dutenei aitortza egingo zaie. Eta 14:30ean, kantu bazkaria egingo dute, Arrano kultur elkartean.
Hamarnaka tokitan
Beasainen bakarrik ez, Euskal Herriko beste hamarnaka herritan ere ospatu dute EH Bildu eguna, uda partetik hona. Herritar guztiak gonbidatuta daude.