Eider Saez lazkaotarrak bakarkako musika-bidea hasiko du
Azaroaren 18an argitaratuko du 'Elkarrekin gaudenean' lehen singlea. Musikan proiektu berri bat hasi du, "sustraietara itzulita". Azken urteko "noraeza" islatu du lan berrian.
Eider Saez musikari lazkaotarrak ibilbide berria hasi du. Nogen taldea urte hasieran utzi ondoren, bere proiektu pertsonala prestatzen aritu da aurtengo urtean. Lehenengo emaitza azaroaren 18an entzun ahalko da, Elkarrekin gaudenean singlea argitaratuko baitu egun horretan.
Lehengo esperimentua alboratu, baina esperientzia ez du bazter utzi. “Orri zuri baten aurrean hasi nuen urtea, eta sustraietara itzultzea erabaki nuen, saiatu arren, ezingo dudalako inoiz musikarengandik ihes egin, betiko nire baitan bizitzeko etxe bat eraiki duela dagoeneko”, idatzi du Saezek sare sozialetan.
Sustraietara itzulera hori, lehenagoko “betiko lagun musikarien” aterpean gauzatu du, hasierako entsegu lokal berean. Emozioak musikatu ditu ibilbide berriko lehen lanetarako, musikarekin berradiskidetuta. “Abestiak idazten hasi nintzen berriro, inolako helbururik gabe, bizitako emozio guztiak nire gorputzetik ateratzeko soilik”.
Atzera ilusioa berreskuratu duela idatzi du Saezek; “pixkanaka hasi nintzen berriz loratzen, berriz ere zerurantz altxatzen”. EP bat ondu du labealdi berriko osagaiekin, eta azaroaren 18an entzun ahalko da Elkarrekin gaudenean singlea. “Azken urte honetan bizitako noraezean idatzitako abestia da”.