‘Ez bultza egin!’ proiektua aurkeztuko du Igor Rezola beasaindarrak Zinebin
Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre beasaindarrak ere bidelagun ditu, 'La haine' filma abiapuntu duen proiektu honetan. Bilborock aretoan egingo dute aurkezpena, larunbatean, 20:00etan.

Zinema, musika eta artea uztartzen dituen proiektua da Ez bultza egin! eta Zinebi-Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 64. ediziorako sortutakoa da. Lantalde handi bat aritu da elkarlanean, tartean hainbat goierritar. Igor Rezola beasaindarra da horietako bat, proiektua zuzendu duena, MawatreS-ekin batera. Bihar, larunbata, aurkeztuko dute proiektua, Bilborock aretoan (Bilbo), 20:00etan.
Kaleko kulturatik edan du Rezolak; rap musikak eta grafitiak elikatzen du, besteak beste, eta hain zuzen ere, Mathieu Kassovitzek zuzendutako eta 1995 urtean estreinatutako La haine (Gorrotoa) film frantsesa du abiapuntu. «Ekoizpen kultural eta artistiko garaikidea medio, La haine errebisatzeko, berrirakurtzeko, birpentsatzeko, berrinterpretatzeko eta modu kolektiboan honen inguruan lan egiteko ariketa bat egitea proposatzen du Ez bultza egin! proiektuak», aurreratu du beasaindarrak.
Proiektu honetan, Dano (Ziontifik), Los Voluble, herra (ber 3), Maria Muriedas + Iñaki Billelabeitia, Beñat Krolem, Sandra Perez, Miguel Espiga, Raul Jimenez, Lide Billelabeitia, Xabier Achurra eta Adrian Romeroren partehartzearekin kontatuko du. Aipatu, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre beasaindarrak, Ainara Lasarekin batera herra (ber3)-ko kideak direla.