Goiekiren Enpresa Ekimen Berrien Sariketak mende laurdena bete du
25. lehiaketako sari banaketa egin dute goizean Goierriko Berrikuntza Gunean. Goieki Goierriko Garapen Agentziarentzat «apustua eta lehentasuna» da ekintzailetza.
Goieki Goierriko Garapen Agentziak antolatzen dituen Enpresa Ekimen Berrien Sariketak mende laurdena bete du. Gaur goizean egin dute 25. lehiaketako sari banaketa, Goierriko Berrikuntza Gunean dagoen NBF eraikinean, enpresa berrien faktoria eta Goiekiren egoitza den eraikin berrian, alegia. Urteurren berezia izanik, sari banaketa ere modu berezian antolatu dute. Lehiaketaren ibilbidea aurkeztu dute bideo baten bidez, eta Nerea Garmendia aktore beasaindarrak Tarak eta guzti! bakarrizketa eskaini du.
Ekitaldiarekin hasteko, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Iker Galparsoro Goiekiko gerenteak ongi etorria egin diete bertaratutako eragileei, enpresa babesleei eta sariketan parte hartu duten sortzaileei. Ezenarrok «pozgarritzat» jo du sari banaketa bertan egin izana, «Goierriko 18 udalerrik hartutako konpromisoa» islatzen duelako eta «oso lotuta dagoelako enpresa ekimen berrietara», horientzako azpiegiturak ere badaudelako bertan. Galparsorok 25 urteetako ibilbidean parte hartu dutenak izan ditu gogoan: «Ekintzaile asko, babesleak, Goiekiko lankideak…guztion bultzadarekin iritsi gara honaino». Ekintzailetza «apustua eta lehentasuna» izan dela gehitu du, «behar-beharrezkoa» dena.
25 urteotan, Goiekitik laguntza jaso duten enpresak «600dik gora» izan dira, Galparsorok adierazitakoaren arabera, eta lehiaketaren urteurrena guzti horientzako omenaldi moduan aurkeztu du: «Goierriri ematen diotena izugarria da. Sare industrial potentea dauka Goierrik eta babestu behar da, baina ekintzailetza ere babestu behar da». Ongi etorriaren ondoren, lehiaketaren historia azaltzeko bideo-erreportajea igorri dute, ibilbidean parte hartu duten pertsonen elkarrizketekin, egindako lana azalduz. Lehiaketaren sortzaile izan ziren Juan Manuel Barandiaran Goiekiko gerente ohia, Niko Errasti Goiekiko Industria arloko arduradun ohia eta Manuel Luna asmatzailea ere ekitaldian izan dira. Bideoa amaitzean, omenaldi txiki bat jaso dute.
Ekitaldia borobiltzeko, Nerea Garmendia aktoreak umorezko bakarrizketa saioa eskaini du, eta gogora ekarri du haren aitaren enpresak ere Goiekiren laguntza jaso zuela garai batean.