«Jarraitu behar dugu Palestinako errealitatera gerturatzen, ez ahazteko»
'Begiratu Palestinara' erakusketa interaktiboa ikusgai dago Barrena kultur etxean, bihar arte. Palestinako emakume errefuxiatuen errealitatea ikusaraztea du helburu.
Barrena kultur etxean Begiratu Palestinara erakusketa interaktiboa bisitatzeko azken eguna izango da bihar. UNRWA Euskadi Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak eta Ordiziako Udaleko migrazio sailak elkarlanean antolatutako erakusketa da. Palestinako emakume errefuxiatuen egoera ikusaraztea eta migratzaileen inguruko zurrumurruak eta estereotipoak ezabatzea du helburu. Miriam Amubieta UNRWA Euskadiko Gipuzkoako hezkuntza teknikaria da, eta atzo bisita gidatua egin zien erakusketatik Oianguren Institutuko ikasleei.
Zer moduz joan zen bisita gidatua ikasleekin?
Ondo. Egia da erakusketan badaudela elementu batzuk bakarka ikusteko edo entzuteko errazagoak direnak, bideoak edota audioak, eta taldean kontzentratzea zaila izaten da, baina ondo joan da. Nik uste erakusketak atentzioa deitu diela.
Ez da ikasleentzat bakarrik.
Ikasleei ez ezik, publiko orokorrari zuzendutako erakusketa da, eta ikasleekin egindako hau osagarria da. Gure lanaren helburu nagusia da errefuxiatuen errealitatea gerturatzea, bai gazteei eta baita helduei ere. Umeekin oraindik ez dugu lantzerik izan, gaia konplexua delako.
Zergatik dira beharrezkoak horrelako erakusketak?
Errefuxiatuen errealitatea ezagutarazteaz gain, estereotipoen inguruan hausnarketa egiteko da. Agian Palestinako errefuxiatuen inguruko estereotipoak ez ditugu hain zehaztuta testuingurua ez dugulako ezagutzen, baina baditugu musulmanen edo arabiarrekiko estereotipok, eta iruditzen zaigu palestinarren errealitatea gerturatzea aukera izan daitekeela migratzaileen inguruko zurrumurruak puskatzeko edo horri buelta bat emateko.
Euskal gizartea sentsibilizatuta ikusten duzu errefuxiatuen egoeraren inguruan?
Nik uste jende helduak testuingurua gehiago ezagutzen duela eta Euskal Herrian ere herri zapalduekiko sentsibilitate bat badagoela, baina jarraitu behar dugu errealitatea gerturatzen, ez ahazteko, aspaldiko kontua ez dela ohartarazteko eta presente izateko. Bestalde, gazteen artean ezagutarazi behar da, gutxiago ezagutzen dutelako testuingurua.
Erakusketak, batez er, Palestinako emakume errefuxiatuen egoera ikusarazten du.
Bai, fokoa horretan jarri dugu. Guk beti, errefuxiatuen errealitateaz hitz egiteaz aparte, beste zehar lerro batzuk lantzen ditugu, eta genero ikuspegia elkartean oso presente daukagu. Iruditzen zaigu gatazketan emakumeen historiak bigarren planoan geratzen direla. Horregatik, emakumeak erdigunean jartzen ditugu, konturatzeko okupazioaz gain, emakumeek gizarte patriarkalaren zapalkuntza jasan behar dutela, eta emakume eta palestinar izateagatik zapalkuntza bikoitza jasaten dutela.
Zein da UNRWA Euskadik egiten duen lana?
Batez ere Euskal Autonomia Erkidego mailan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, hezkuntza eta sentsibilizazio proiektu ezberdinak egiten ditugu, eta kudeatzen ditugu UNRWAk han bertan, Gazan, Zisjordanian eta Ekialde Hurbileko herrialdeetan egiten dituen proiektu humanitarioak.
Nora eramango duzue erakusketa gero?
Erakusketa ibiltaria izango da, abendura arte. Hemendik Zarautzera joango da.