Joxemai Ormazabal izango da Lazkaon EH Bilduren alkategai 2023ko udal hauteskundeetan
EH Bilduren barne prozesuan hautagai bakarra izan da Ormazabal, gaur egungo udal taldearen bozeramailea. Aho batez bozkatu dute alderdikideek.
Joxemai Ormazabal Sukia izango da EH Bilduren Lazkaoko Udalerako zerrendaburua eta alkategaia, 2023ko udal hauteskundeetan. Alderdiak gaur jakinarazi du barne bozketaren eta prozesuaren emaitzaren berri. 2019an ere zerrendaburu aurkeztu zen Ormazabal, eta zinegotzi da 2019-2023 agintaldian, baita EH Bilduren udal taldearen bozeramailea ere.
Alderdiak urriaren 13an hasi zuen barne-prozesua, hautagaiak zehazteko –alkategaiaren berri bakarrik eman dute gaur–, hauteskunde batzorde bat eratuta. Hautagaiak proposatzerako garaian, Ormazabal izan da barne hautagai bakarra, Lazkaoko EH Bilduk ohar batean jakinarazi duenez. Lazkaoko Mahaiak Ormazabal proposatu zuen zerrendaburu izateko, eta batzarrean berretsi zuten kideek.
Azkenik, barne prozesua amaitzeko, eta epe horretan beste hautagaitzarik ez dela aurkeztu ziurtatuta, Lazkaoko bilkide guztiek izan dute boto telematikoa emateko aukera. EH Bilduk zabaldutako datuen arabera, kideen %90ek eman dute botoa, eta aho batezkoa izan da Ormazabalen hautagaitza berresteko erabakia, %100ek baiezkoa eman baitute.
2019tik udal zinegotzi izan da, eta Ormazabalek dauka oposizioko zinegotziari dagokion egun erdiko liberazioa. Udaleko batzorde guztietan parte hartu du. 2023ko udal hauteskundeetan, maiatzean, beraz, gaur egungo bi udal taldeen buruak izango dira berriro zerrendaburu, EAJk Kepa Zubiarrain aukeratua baitu.