Kaxola eta Gamesa izan dira saridunak Goiekiren Enpresa Ekimen Berrien 25. sariketan
Enpresa ekimen berriko proiekturik onenaren saria Iker Markinezen Kaxola-rentzat izan da, eta enpresan egindako proiektu berritzaile onenarena Suministros Industriales Gamesarentzat.
Kaxola eta Gamesa izan dira saridunak Goiekiren Enpresa Ekimen Berrien 25. sariketan. Aurreko urteetan bezala, aurten ere 3 kategoria izan dira eskuragarri ekintzaileek haien proiektuak aurkezteko. Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onenaren kategorian, 3 proiektu aurkeztu dira, eta Iker Markinez sukaldariaren Kaxolak jaso du saria. Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren kategorian, berriz, Suministros Industriales Gamesa enpresak lortu du saria. Proiektu bakarra aurkeztu da kategoria horretara. Guztira, 4 proiektu aurkeztu dituzte Goierriko ekintzaileek. Azkeneko kategorian, ekintzailearen bitartez gizarte inklusio proiektu onenarenera, ez da proiekturik aurkeztu.
Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onenaren kategorian, sustatzailearen irudia bultzatu eta bailaran lana eta aberastasuna sortzea izaten dute kontuan, proiektu berritzaile, sendo eta bideragarri baten bidez. Iker Markinezek gidaturiko Kaxola ekimen berriko proiektuaren helburua «herritarrei kalitatezko eta gertuko lehengaiez osaturiko produktu goxoak eskaintzea da, eta era berean, lehen sektoreari eta bertako produktuei bultzada ematea, baserritar eta ekoizle berriei lehengaiak eraldatzeko aukera ematea edota gizartearentzat kalitatezko lehengaiak eskuragarriagoak izatea». 6.000 euroko dirusaria lortu du.
Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren kategorian, aldiz, eskualdeko enpresa txiki eta ertainetako produktu, prozesu, merkatu eta abarrean berrikuntza sustatzea baloratzen da. Suministros Industriales Gamesa enpresa azken urteetan egin duen «eraldaketa berritzaile handia» dela eta saritu dute, eraldaketa horiek «berrikuntza kudeaketan, berrikuntza marketinean, berrikuntza prozesuetan eta berrikuntza zerbitzuetan txertatzea» izan baitu helburu, «pertsonak erdigunean» jartzen duen metodologiarekin. 2.000 euroko dirusaria jaso dute.