Memoriaren egunagatik ekitaldiak egingo dituzte gaur Goierrin
Zumarragan eta Beasainen lore eskaintzak biktimak oroitzeko monolitoen ondoan, eta Zegaman elkarretaratzea egingo dute arratsalde-iluntzean.
Memoriaren eguna da gaur, azaroak 10. Hori dela eta, ekitaldi desberdinak izango dira Goierrin. Beasainen, Barandiaran plazan dagoen oroitarriaren aurrean ekitaldia egingo dute, eta Gernikako Arbolaren kimua den haritzean lore sorta jarriko dute, udala osatzen duten alderdi guztiek batera. 19:00etan izango da ekitaldia. Zumarragan ere ekitaldia egingo dute. Biktimen familiei harrera egingo diete udal agintariek, udaletxeko arkupeetan 09:45ean, lore eskaintza egingo dute biktimen oroimenezko monolitoan 10:00etan eta jarraian, elkarretaratze isila deitu dute. Zegaman, elkarretaratzea deitu dute udaletxe aurrean, 18:30ean.