Munduko arrozen bazkari herrikoian zortzi herrialdetako errezetak dastatu ahal izango dira
Txile, Nikaragua, Ekuador, Sahara, Mexiko, Nigeria, Senegal eta Kolonbiako arrozak izango dira. Tiketak salgai daude Magazin Romanesc-en, Asociación Divina Mujeres de Nigerian eta D’elikatuz-en.

Larunbatean munduko arrozen bazkari herrikoia egingo da Ordiziako frontoian, Ordiziakolore ekimenaren egitarauaren barruan. Laugarren aldia izango da. Munduko 8 herrialdetako arrozak prestatuko dituzte herriko hainbat boluntariok elkarlanean: Txileko, Nikaraguako, Ekuadorreko, Saharako, Mexikoko, Nigeriako, Senegalgo eta Kolonbiako errezetak egingo dituzte.
10:00etan hasiko dira boluntarioak arrozak kozinatzen frontoian bertan, eta 14:30ak aldera hasiko dira bazkaltzen. Bazkalondoren, bingoa izango da, eta DJ batek herrialde ezberdinetako musika jarriko du. Dantzaldia ere izango da. Dagoeneko 200dik gora herritarrek erosi dituzte tiketak bazkarirako, baina oraindik batzuk gelditzen dira. Tiketak 3 euroan erosi daitezke Magazin Romanesc-en, Asociación Divina Mujeres de Nigerian eta D’elikatuz-en. Adin txikikoentzat euro batean daude salgai.