Zumarragak Estatuko Merkataritza Saria jaso du
Zumarragak Estatu espainiarreko Merkataritza Saria jaso du, 25.000 biztanletik beherako udalen sailean. Merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeagatik eta azoka modernizatzeagatik saritu dute. Sarituen artean Hego Euskal Herriko beste hainbat elkarte eta enpresa daude.
Gasteizko merkataritza sustatzea helburu duen Gasteiz On elkarteak aire libreko merkataritza guneei dagokien saria irabazi du. Sail horretan bertan, Guardiako enpresen dinamizaziorako elkarteak aipamena lortu du eta Laudioko merkatari elkarteak accesita.
Merkatari txikiei dagokien sailean, Donostiako Benegas lurrin-dendak eta Bilboko Los Encajeros dendak aipamena lortu dute eta Donostiako Pukas Surf dendak accesita.
Sari banaketa ekitaldian Reyes Maroto Merkataritza ministroak parte hartu du. Maroto ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago heldu da Zumarragara eta udalak Europako Next Generation funtsekin berritu dituen Euskadi plaza eta Soraluze kalea bisitatu ditu.
Oinezkoentzako egin duten Soraluze kaletik heldu da plazara, hain zuzen ere, Denis Itxaso Espainiako gobernuaren ordezkariarekin. Plazan, Mikel Serrrano alkatea, PSE-EEko zinegotziak eta PSE-EEko hainbat kargudun zituen zain: Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidrauliko diputatua eta Marisol Garmendia Donostiako alkategaia, besteak beste.
Azokako obra bisitatu ondoren, Zelai Arizti aretora joan dira. Kanpoaldean Irizar kooperatibarentzat lan egiten duen garbiketa enpresako langileek protesta egin dute. 80 egun daramatzate greban eta ministroari beraien aldarrikapenen berri eman diote.