Leire Moreak irabazi du aurten ere Ataungo mondeju lehiaketa
Bigarren postua Mikel Moreak lortu eta hirugarrena Ane Tapiak, Egoitz Goikoetxeak eta Mikel Dorronsorok osatutako hirukoteak. Zazpi lagunek hartu dute parte Ataungo XI. Mondeju Lehiaketan. Bittor jatetxeko Pilar Izagirre izendatu dute Mondeju Beltzaren Lagun.
Ataungo XI. Mondeju Lehiaketaren saritu, epaimahaiko kide eta antolatzaileak. Argazkiak: Andoni Aizpuru
2019ko azken edizioan bezala –2020an eta 2021ean ez zen egin– Leire Moreak jantzi du aurten ere Ataungo mondejugile onenaren txapela. Haren anaia Mikel Moreak sailkatu da bigarren, eta hirugarren Ane Tapiak, Egoitz Goikoetxeak eta Mikel Dorronsorok osatutako hirukotea. Zazpi lagunek parte hartu dute Jentilbaratza Kultur Elkarteak San Martin jaien barruan antolatutako Ataungo XI. Mondeju Lehiaketan. Atzo eguerdian izan zen lehiaketa.
Epaile lanetan Iker Markinez (Kaxola), Maite Garmendia (Maitte jatetxea), Santos Aldasoro (Arrano jatetxea) sukaldariak, eta Inazio Garmendia eta Pili Barandiaran herritarrak aritu ziren. Antolatzaileen esanetan, “oso goian” jarri zuten aurkeztutako mondejuen maila eta kalitatea. Goraipatu zuten “jaki preziatu” hori mantentzeko ataundarrak egiten ari diren ahalegina, eta animatu zuten gazteria eta kaletar jendea ere tradiziozko langintza hori ikastera eta gordetzera.
Pilar Izagirreri oroigarria
Mondejuaren inguruko kofradiarik ez dute Ataunen, baina hala ere, urtero-urtero Mondeju Beltzaren Lagun izendatzen dute herritarren bat. Aurten Bittor jatetxeko Pilar Izagirreri eman diote oroigarria, urte askoan jaki honekin egin duen lana aitortzeko.
Lehiaketarekin batera herritarrek mondeju pintxoak dastatzeko aukera izan zuten urtero bezala.












