Txindokiko atletak bikain Espainiako kluben arteko kros txapelketan
Atapuercako Nazioarteko Krosean Iraia Mendia hirugarren sailkatu da 20 urtez azpikoen mailan, eta Turingo Europako txapelketara joateko txartela esku-eskura dauka, eta Urko Etxebestek 9. postua lortu du maila berean. Taldeka ere emaitza txukunak 16 urtez eta 18 urtez azpikoetan.
Espainiako kluben arteko kros txapelketa jokatu da asteburuan Atapuercan (Burgos). “Izan bakarrik ez, irudi bikaina eman eta maila horretako lasterketetan egoteko balioa erakutsi dute gure atletek”, txiokatu du Txindoki Atletismo Taldeak twitteren.
Taldeka, 16 urtez azpikoetan 7. eta 18 urtez azpikoetan 13. sailkatu dira Txindokiko mutilezko atletak, parte hartu duten 50 klub ingururen artean.
Bakarkako parte hartzea ere bai
Kluben arteko txapelketa ez ezik, Atapuercako XVIII. Nazioarteko Krosa ere jokatu da toki berean, eta atletek era librean lehiatzeko aukera izan dute (klubarentzat puntuatu gabe). Bakarkako lan horietan, Iraia Mendiak lortutako 3. postua da nabarmentzekoa. Abenduaren 11n Turinen jokatuko den Europako kros txapelketara joateko txartela eskura dauka da Lazkaoko atletak. Urko Etxebeste beasaindarra 9. postuan sailkatu da maila berean. Unax Garcia ordiziarrak 67. postua lortu du eta Jon Etxeberria lazkaotarrak 150.a
“Zorionak guztioi, bai atleta eta baita neska-mutil hauekin lanean diharduzuenoi ere!”.