Ataungo memoria historikoaren zikloa bihar hasiko da
Erakusketa bat, bi hitzaldi, antzezlan bat eta 1936ko gerraren ondorioak jasandakoei omenaldia dakartza.
Memoria historikoaren inguruko hamargarren zikloa bihar hasiko da. 19:00etan, Mikel Noguera iruindarrak Ezkaba, San Kristobalgo gotorlekua hitzaldia eskainiko du, udaletxeko areto nagusian. Zehazki, bisita gidatua izango da, izen bereko erakusketa zabalik egongo baita gaur zortzira arte. 20:30ean bigarren txanda eskainiko du. Erakusketa zabalik geldituko da udaletxeko ganbaran.
Abenduaren 3an Kasilda bukatzen ez den sua antzezlana izango da, 19:00etan, antzokian. Abenduaren 11n, 12:00etan, Gerraren ondorioak jasan zituztenei omenaldia egingo diete Ataun Aiako Erroipen. Zikloa abenduaren 15ean amaituko da, Josetxo Otegiren Gaueko sorginak hitzaldiarekin. 19:00etan izango da, udaletxean.