Iñaki Muruak jantziko dio txapela Euskal Herriko bertsolari txapeldunari, abenduaren 18an Iruñean
Muruak bertsolaritzan egin duen "lan handiagatik" esker ona erakusteko izendatu du Bertsozale Elkarteak, gaur jakinarazi duenez. Bertsolaritza mugimenduko "eragile handia" eta 2005etik 2018ra elkartearen lehendakari izana da.
Euskal Herriko bertsolari txapeldunari txapel preziatua janzteko ohorea Iñaki Murua Jauregik (Gabiria, 1956) izango du, abenduaren 18ko iluntzena, Iruñeko Nafarroa Arenan. Bertsozale Elkarteak gaur goizean jakinarazi du. Ohoretsua izaten da keinu hori, eta bertsolaritzaren munduan nabarmendu diren pertsonalitateak izan ohi dira txapeldunari txapela janztearen aukeratuak.
Bertsolaritzan egindako “ageriko nahiz isilpeko lan handia” eskertu nahi dio Bertsozale Elkarteak Muruari. “Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da Iñaki. Eragiletzan etengabeko lana egin du: Gabirian bertan hasi eta Euskal Herri osoan ere bai”, azaldu du elkarteak.
Murua, Gabiriako Agerretxemendi baserrian jaioa, herrian hasi zen bertsotan, elkarteko giroan eta lagun artean. Bertsolari modura, 1982an aurkeztu zen lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusira, eta 1986koan eta 1989koan finalera iritsi zen. Finalista izan zen Gipuzkoako 1991ko eta 1995ko txapelketetan ere. 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen.
“Lehendakari izan denean zein ez, bertso munduan oso presente egon da Iñaki beti. Gaur egun ere, figura oso garrantzitsua izaten jarraitzen du Bertsozale Elkartean. Maitasunetik eta zaintzatik aritzen da beti, eta bertso munduko gazte, heldu, boluntario, langile, zein gertuko guztiek estimu handian daukagu”, esan du Bertsozale Elkarteak.
Horregatik guztiagatik, “omenaldi berezia” egingo diote Iruñeko finalean, “egindako lana itzulezina bada ere, ikusgarri egin eta merezimenduaren aitortza moduan”.
“Orduak kendu” dizkienei aitortza
Aspalditxo komentatu zioten Muruari berari txapel jartzailea izango zela, duela hilabete batzuk. Gaur, albistea zabaldu denean, berritu zaio. “Ilusioa egiten duen zerbait da. Niretzako ohorea baino gehiago kontsideratzen dut, bertsotan eta elkartean sartu ditudan orduak sartu ahal izateko, nire ingurukoek egin behar izan duten esfortzuaren errekonozimendu bezala. Horiei esker, familiari esker, eta ingurukoei harrapatutako orduak izan direla kontsideratzeen dut. Ni han egotea [finalean txapela janzten], orduak faltan izan dituzten horiei denei egiten zaien omenaldi edo ohore emate bat dela pentsatzen dut, neuretzat baino gehiago edo neuretzat adina behintzat”, esan dio Muruak egunkari honi, gaur.
Orain hurrena, 2017ko Txapelketa Nagusian, Muruari berari egokitu zitzaion Sebastian Lizaso bertsolari eta lagunari berria emateko ardura, elkarteko lehendakari zela. Joxe Lizaso aita zenaren irudia dagoen lekuraino joanarazi, eta hari zuzendutako hitz batzuen bidez eman zion sorpresa.
Orain, Muruari “korrienteago, normalago” esan diote elkartetik. “Lizasori esan niona nire kapritxo bat izan zen”. Esan zioten eguna ez dauka gogoan, baina Euskal Herriko txapeldunari txapela jantziko dion eguna bai: abenduaren 18a.