Majori-Altamira kirol argazki lehiaketa jarri du martxan udalak
Hamar argazki aukeratuko dituzte kiroldegian zein estadioan jartzeko. Abenduaren 2ra arte bidali daitezke argazkiak.
Ordiziako Udalak Majori-Altamira kirol argazki lehiaketa jarri du martxan, lehen aldiz. Ordiziako kirol ekintzekin lotutako argazkiak batu eta hamar aukeratuko dituzte, ondoren kiroldegiko zein estadioko instalazioetan jartzeko. Ordiziako kirol ekintzen argazkiak bakarrik onartuko dituzte.
Jon Ander Caballero kirol zinegotziak azaldu du kirolak “indar handia” duela Ordizian, eta kirolariei “kirol instalazioetako espazioak apaintzeko aukera” emateko antolatu dutela lehiaketa. Abenduaren 2ko 13:00ak arte aurkeztu daitezke argazkiak, posta elektronikoz barrizabalaga@ordizia.eus helbidera bidalita edo kiroldegiko harreran CD, USB edo bestelako euskarri digital batean. Lanak argazkiaren egilea nor den aipatu gabe aurkeztu behar dira, eta fitxategi batean hartzailearen izen-abizenak, helbidea, herria, NANa, telefonoa eta helbide elektronikoa idatzi behar dira. NAN dokumentuaren kopia ere bidali behar da.
Nahi duen orok parte hartu dezake eta egile bakoitzak gehienez 3 argazki aurkeztu ditzake. Argazkiak JPG formatuan aurkeztuko dira, 4.000 pixel alde zabalean eta 254 ppp-ra. Markorik ez da onartuko. Epaimahaia Ordiziako Udaleko komunikazio eta parte hartze zinegotziak, kirol zinegotziak, kirol teknikariak, Ortzadar argazkigintzako ordezkari batek eta kiroldegiko gerenteak osatuko dute.
Argazkien egileek antolatzaileei argazkiak erabiltzeko baimena ematen diete lehiaketan parte hartuta. Irabazleak 100 euroko dirusaria jasoko du, eta beste bederatziek 50 eurokoa.