Nekazaritza-ibilgailuen IAT pasatzeko Goierriko azken aukerak, Zegaman eta Zaldibian aste honetan
Zegamako industrialdean asteazkenean eta Zaldibiako Goizanen ostegunean jarriko dute unitate mugikorra.
Nekazaritzako ibilgailuen, traktoreen eta tresneriaren IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egiteko Goierriko egutegiko azken bi aukerak aste honetan izango dira. Landa garapen elkarteen Gipuzkoako Landaola federazioak eta Goimenek koordinatuta, irailean hasi ziren eskualdean.
Zegaman asteazkenean, azaroak 16, jarriko dute Irungo IAT estaziokoek unitate mugikorra. Herriko nahiz inguruko baserritarrek hara eraman ditzakete ibilgailuak. Herri sarrerako Intxausti industrialdean egongo da.
Zaldibian, azkenik, ostegunean, azaroak 17, egongo da Goierriko azken aukera. Goizane agroaldeko aparkalekuan jarriko dute.
Bi kasuetan, txanda eskatzeko Irungo IATra hots egin behar da (943 62 63 00, itevelesa.com). Zerbitzuaren kostua 43,95 euro da ibilgailuko, eta esku dirutan ordaindu beharko da.