Autodefentsa feminista ikastaroa egingo dute larunbatean Ordizian
Emagin elkarteak gidatuko du saioa. Formazioaren helburua herriko emakumeei emakumeen aurkako indarkerian sentsibilizatzea eta trebatzea da.
Autodefentsa feminista ikastaroaren bigarren saioa egingo da larunbatean, Ordiziako Jabekuntza Eskolan, Santa Maria kaleko 4. zenbakian, 10:30ean. Hiru data zehaztu zituzten ikastarorako. Lehen saioa urrian izan zen, larunbatean egingo da bigarrena, eta hirugarrena, berriz, abenduaren 17an. Emagin pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkarteak gidatuko du ikastaroa.
Formazioen helburua herriko emakumeei emakumeen aurkako indarkerian sentsibilizatzea eta trebatzea da, Jabekuntza Eskolak azaldu bezala, “ikuspegi feministatik, estrategiak, jakintza, orientabideak eta baliabideak eskaintzeko, profesionalek eta herritarrek begirada feminista izan dezaten, eta hartara, aurre egiteko aukera izan dezaten”.
Izena emateko jabekuntzaeskola@ordizia.eus helbidera idatzi behar da. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da. Zerbitzuaren beharra dutenek, izena ematean jakinarazi behar dute.