Iturralde Txikiko IAT zentroa azaroaren 28an irekiko dute
Hurrengo egunetan hasiko dira aurretiazko hitzordua ematen.
Beasainen irekiko duten ibilgailuen azterketa teknikorako zentro berria laster hasiko da zerbitzua ematen, azaroaren 28an, astelehena, irekitzea dago aurreikusita. Eskualde osoan ez dago halako zentrorik. Arbizun, Bergaran eta Urnietan daude gertuenak. Iturralde Txikiko inguruan kokatuko den honekin, goierritarrei eskura ez duten baliabide bat eskainiko zaie.
Azken orduetan WhatsApp bidez zabaldu den mezuan iragartzen da datorren azaroaren 28an irekiko dutela Iturralde Txikiko IAT zerbitzua. Ordutegiak eta prezioak ere zehazten dira bertan, baita aurretiazko txanda hartzeko webgune eta telefono bat ere. Goierriko Hitzari baieztatu diote, azaroaren 28an aurreikusita dutela zerbitzua ematen hastea. Dena den, momentuz ezin da txandarik hartu; hurrengo egunetan hasiko dira.
Ordutegiak eta prezioak
Hasiera batean, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, eta larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara zabalduko dute zerbitzua.
Prezioak ondorengoak izango dira: gasolina ibilgailuak eta arinak 51,62 euro; diesel ibilgailuak 53,72 euro; eta elektrikoak 49,72 euro