Ormaiztegiko festak, ate joka
San Andres jaiak bihar hasiko dira, herriko txirrindularitzari omenaldia eginda. Angel Elortzak egingo du pregoia azaroaren 25ean. Elegante Eguna da etzi
Goierriko urteko azken festa nagusiak, Ormaiztegiko San Andres jaiak, hemen dira. Ostiralean hasiko dira, eta bi asteburu bete ospatu ondoren, bukaera ia bi aste geroago, azaroaren 30ean, zaindariaren egunarekin, emango diote. Plazan berritze lanak egiten ari direnez, festa-gunea Berjaldegi aldera aldatu dute aurten. Txosnagunea eta karpa ere han kokatuta daude dagoeneko.
Jai hasierako pregoia egiteko ohorea Angel Elortza Beitia herritarrari eman dio Festa Batzordeak. 1981etik, berrogei urte pasa darama herriaren, herritarren eta bertako ekimen zein ekitaldien argazkiak ateratzen. Horrez gain, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteko buru ere bada. Herrigintzan egiten duen lana aitortuko diote. Baina hasiera ofiziala azaroaren 25ean, ostiralarekin, egingo dute.
Aurreneko asteburuari ekiteko, Ormaiztegiko txirrindularitza izango da, hain zuzen, lehen eguneko osagai sendo bat. Kirol horretan herriak izan duen pisu handia gogoratzeko, eskultura bat inauguratuko dute, bihar 18:00etan, eliza aurreko lorategian. Lehengo eta oraingo txirrindulari ormaiztegiarrak, federazioko ordezkariak eta herriko agintariak ere bertan izango dira. Argazkien proiekzio bat emango dute, Elortzak ondua.
Beste berritasun bat boxeoa jaialdia izango da. Lehenbiziko aldiz, ostiralean 20:00etan hasita jokatuko da, Zubipe kiroldegian. Sei borrokaldi ikusteko aukera egongo da: bost mutilen artekoak, bat neskena. Sarrera orokorrak 10 euro balio du, eta Ormaiztegiko Maria Eugenia Lasaren estankoan, Beasaingo Alondra ile-apaindegian edo telefonoz (605 25 83 01) eros daitezke. Egunean bertan, pilotalekuko atean ere bai. Honako borrokaldiak jokatuko dituzte: Zugasti / Allup (75 kilo); Fernandez / Jalil (75); Martxel / Boris (79); Moha /Wellington (60); Jesica Brunet / Paula Urdaneta (55,5) eta Madi / Jeremias (63).
Aurretik, ordea, festa girotzen lehenengoak jubilatuak izango dira. Gaur, gizarte-etxeko Oin-Harriak jubilatuen egoitzan jokoak eta jolasak dituzte. 16:30ean, puntu txapelketa, toka, bote eta igel txapelketak eta bihar, 16:00etan, mus txapelketa zortzi erregera antolatu dituzte.
Haurrentzat
Haurrentzat, berriz, Haizea Loira kontalariak Letrekin dantzan ipuina kontatuko du, gaur 17:00etan, liburutegian. 3-8 urte bitarteko haurrentzat zuzendutakoa da. Festen hasierak Euskaraldiaren hasierarekin ere bat egingo du. Ostiralean, azaroak 18, Zubipe kiroldegian photocalla jarriko dute, euskararen alde argazkiak ateratzeko. San Andres herri eskolako Guraso Elkarteak antolatutako ikuskizuna ere egingo dute, eta Xaiborrekin disko-festa.
Eleganteen eguna
Lehenbiziko asteburuaren ardatza, larunbateko Eleganteen Eguna izango da. XIX. mendeko janzkerak aterako dituzte kalera ormaiztegiarrek, bainuetxearen garaia irudikatuz. Auto klasikoen erakusketa ere jarriko dute. Pintxo Eleganteen VII. Lehiaketa ere jokatuko da, osagai nagusitzat kuiatxoa dela. Kukon bi lagunentzat otordua zozkatuko dute partaideen artean, eta irabazleek garaikurra jasoko dute.
Erakusketak
Erakusketa ugari daude egunotan ikusgai Ormaiztegin. Batetik, jai-egitarauko azalen lehiaketako marrazkiak, Gizarte-etxeko atarian, abenduaren 11 arte. Bestetik, XXIX. Mendi eta Abentura Astearen barruan, Iban Toledoren John Muir trail erakusketa zabalik dago Gizarte-etxeko areto nagusian, abenduaren 18ra arte.
Zumalakarregin, bestalde, Elena Tuduri: erramuaren sekretua. Euskal jantzien ikerketa etnografikoaren emaitza ikus daiteke abenduaren 30era arte. Azkenik, Heliodoro Etxeberriaren objektuen bildumaren erakusketa. Ormaiztegiko nahiz Gipuzkoako herrietako argazki zaharrak, Iruñeko San Fermin jaiak, Lizarrako festak, Espainiako eta beste herrialde batzuetako zigiluak, postalak eta komikiak. Iriarte Goena etxea, 29, beheko aretoan.












