Perretxiko galantak jarri dituzte ikusgai eta salgai Ordiziako ferian
Ardagaien familiako Pleurotus batek bete du Lasaren postuaren zati handi bat. Arbi-aza izan da berritasun bakarra plazan. Karduak iritsi dira Nafarroatik Zuhaiztira.
Perretxikoen postuetan zegoen atzo albistea Ordiziako ferian, batez ere Mikel Lasarenean. Azken asteotan mikologia atala hizpide izan da onddoen eskaintza handiagatik, baina atzo, on-ddoekin batera, beste perretxiko batek, bakar batek, deitu zuen erosle eta gainerako jendearen arreta, tamainagatik batez ere, 11 kiloko alea zelako. Zuhaitzetan hazten diren ardagaien familiako Pleurotus perretxiko bat zen, Lasaren azalpenen arabera, jangarria, baina hemen alde horretatik, jateko alegia, estimazio handirik ez duena. Erakusteko bakarrik eraman zuen, eta esan behar da, jende askok eta askok ikusi zuela.
Ardagai horren ondoan tamaina handiko beste perretxiko batzuk ere bazituen Lasak, onddo eder askoak. Kantitatez ere ez ziren makalak, eta Barcinak eskainitakoei batuta, guztira 220 kilo jarri zituzten atzo salgai, kiloa 12 eta 30 euro artean. Eskaintza mikologikoa osatzeko, 26 kilo ziza hori (22-30 €), 30 kilo niskalo (22-30 €). Hamarna kilo saltsa perretxiko beltz (18 €), gorringo (30 €) eta mendiko angula (18 €), sei kilo kardu perretxiko (20-22€) eta bi kilo gibelurdin (30 €) ere baziren salgai. Lasak, bestalde, usoak ere bazituen, zazpi euroan bakoitza.
Kanpotik ekarrita, arbi-aza
Bestelakoan, atzoko feria berritasun gutxikoa izan zen. Arantxa Zurutuzak bakarrik aurkeztu zuen produktu berria, arbi-aza arbia eta aza nahastuta sortutako produktua eta kanpotik iritsitakoa. Pure eginda edo zopari botata jateko aproposa omen da. Askorentzat ezezaguna bada ere, Euskal Telebistako sukaldari famatu batek behin baino gehiagotan erabili izan duela zioen Zurutuzaren bezero batek. Hala ere, bera ez zen probatzera animatu. Arbi-aza 1,5 euroan zegoen salgai.
Kanpotik, eta Euskal Herritik bertatik iritsitako lekaleek, bestalde, hasi dute denboraldi berria plazako Atienzaren eta Zuhaiztiko Mañuecoren postuetan. Babarrunak, dilistak, txitxirioak, baba txikiak… tamaina, kolore, prezio eta jatorri askotakoak dituzte aukeran.
Amaitzeko, fruta saltzaileenetara iritsitako kardua aipatu behar da, Nafarroakoa. Pieza osoa saltzen da, 4-4,5 euroan.