Xabier Muriel zaldibiarra Movistarreko kirol zuzendarietako bat izango da 2023an
Txirrindularitza profesionaleko euskal talde gorenak fitxatu dituen hiru zuzendarietako bat da Muriel. Muriasen eta Caja Ruralen zuzendari izana, Kirol Zientzietan doktoretza egiten ari da, eta biomekanikan aditua da.
Aurtengo urtea lasaitik hartu ondoren, txirrindularitza profesionalera itzuliko da Xabier Muriel zaldibiarra. Movistar talde nafarrak kirol zuzendari izateko fitxatu du, 2023ko denboraldirako. Hiru zuzendari kontratatu ditu, Murielekin batera Yvon Ledanois eta Jurgen Roelandts ere bai.
Murias eta Caja Rural taldeen arduradun eta prestatzaile izana da Muriel. “2022a urte lasaiagoa izan da niretzat, txirrindularitzatik aparte, garapen pertsonalerako nire proiektu batekin aritu naiz. Baina garbi neukan itzuliko nintzela, eta ilusio handiena talde honetan itzultzea nuen”, azaldu du Murielek.
Taldearen zuzendaritza klasikoaz gain, arlo gehiago menperatzen ditu Murielek. Kirol Zientzietako doktoretza egiten ari da, eta biomekanikan espezializatuta dago. “Ezohiko profila dudala uste dut, desberdina eta askotarikoa, baina aldi berean horrek sendotzen nau eta taldeari gehiago laguntzea ahalbidetzen dit. Ditudan arloetako bakoitzak bestea aberasten du. Prestatzaile bezala filosofiaz eta datuez ulertu behar duzu”.
Movistarrek aurten ziurtatu du mundu mailako txirrindularitza profesionalaren maila gorenean beste hiru urtean aritzeko eskubidea. Gorka Izagirre ormaiztegiarra eta Alex Aranburu ezkiotarra izango ditu bere esanetara Murielek.