Errezil sagarren faltan ezti lehiaketa eta herriko produktuak
Gabiriako produktuen azokan salmentak «bikain» eta Ageda Zeberio ezti lehiaketako irabazle.
Errezil Sagar eguna egin ohi da Gabirian gaurko egunez. Aurtengoan, aldiz, ez da posible izan ohitura horri eustea, izan ere, udako eguraldia dela eta «ez dago» errezil sagarrik ia Gabirian Erbie Elkarteak azaldu duenaren arabera. Beraz, honi lekukoa hartu dio gaur goizean herriko produktuen azokak. Gabiriako eliza-ataria postuz eta jendez bete dute herriko ekoizle zein sortzaileek. Produktu desberdin ugari topatu dituzte bertan gerturatu direnek, hasi jakietatik eta moda eta dekorazio artikuluetaraino.
Saltzaileek diotenaren arabera, ez da jendetzarik izan gaurko azokan baina salmentak «ondo» joan dira, gerturatu den jende hori «produktuak erosteko asmoz» agertu baita. Beraz, balorazio «positiboa» egin dute gaurko salmentei eta giroari dagokienean.
Aipatu bezala, jendetzarik izan ez arren goiz osoan zehar ibili da jendea postuz postu herriko produktuak ikusi, bertako ekoizle eta sortzaileekin egon eta erosketaren bat edo beste egiten. Giro goxoa eta gertukoa izan dute azokan, haurrez eta familiaz bete da batez ere gaurkoan Gabiria.
Goierri Beheko Ezti Lehiaketa
Azoka honetan saltzeaz gain lehiatzeko tartea ere izan dute batzuek. Goierri Beheko Ezti Lehiaketa egin dute eta Ageda Zeberio izan da gaurko txapelduna.