Euriak baldintzatutako haurren danborrada
Ormaiztegiko Ander Deunaren Jaien lehen asteburua badoa aurrera eta gaurkoan eguraldi txarrak gidatu du haurren danborrada.
Hotzarekin eta neguko eguraldiarekin batera iritsi dira aurtengo Ormaiztegiko Ander Deunaren Jaiak eta lehen asteburua badoa aurrera iada. Hainbat ekintza, ekitaldi, kontzertu eta abar izan dituzte asteazkenetik hasi eta gaur arte. Gaurkoan, jaietako igande goizean egin ohi duten moduan, haurren danborrada egin dute, Ormaiztegiko kaleak danbor hotsez astinduz.
Zubipetik irten dira haurrak, danborra joz, herrian eman ohi duten itzulia egiteko asmotan, baina eguraldi txarra tarteko, geldialdi bat egin behar izan dute, aterpe bila. Bertatik, antolatzaileen erabakiz, eliza-atarira joan dira eta bertan egin dute aurtengo danborrada. Zuzendariak koskan igota aritu dira haien lanean eta gainontzekoak, ilaratan jarri eta danborra joz alaitu dute jaietako igande goiz euritsua.
Adin guztietako haurrek izan dute danborradan parte hartzeko aukera. Txikienek mozorrotuta egin dute ibilbidea, batzuk Zumalakarregiz mozorrotuta zihoazen, beste batzuk, aldiz, adinka banatuta mahai-tresna desberdinak dituzten mozorroak jantzi dituzte.
Urolatarrak Txaranga izan dute lagun danborradari musika eskainiz.