Bost puntu egin du gora euskararen erabilerak Ordizian azken bost urteetan
2011-2021 tartean igo egin da euskararen erabilera kalean. Euskaraz %38,6 egiten zen 2011n, eta %43,7 2017an.
Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen erabileraren kale-neurketa egin du Ordizian. Atzo aurkeztu zituzten ikerketaren emaitzak, Barrena kultur etxean. Neurketarekin ondorioztatu dute bost puntu egin duela gora euskararen erabilerak azken bost urteetan. 2021eko irailaren 25etik urriaren 16ra artean ateratako datuak dira. Hizkuntzen kale erabileraren %48,7 euskaraz da Ordizian, %46,7 gazteleraz eta %4,7 beste hizkuntza batzuetan.
2011-2021 tartean igo da euskararen erabilera kalean. %38,6koa zen 2011n, eta %43,7 2017an. Neurketaren arabera, gazteleraren erabilerak behera egin du. 2011n %57,8koa zen eta 2017an %51,5ekoa. Hiztun euskaldunen portzentaiak ere gora behera egin du 2016tik. 2011n %57,2 zen, 2016an %60,8, eta 2021ean %59,9. Lehen Hezkuntza euskara dutenen kopurua murriztu egin da. 2011n %40,6 zen, 2016an %39,1 eta 2021ean %36,9. Etxean euskaraz egiten zutenen kopurua %30,9koa zen 2011n, eta %26,2koa iaz.
Ibilbideei dagokienez, Ordiziako ipar eta hego-mendebaldean dago euskararen kale-erabilera handiena; alderantziz, ipar eta hego-ekialdean baxuena. Azken lau urteotan gertaturiko erabileraren igoera ibilbide guztietan islatu da. Emakumezkoek zertxobait gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoek baino Ordizian. Joera hori, oro har, Euskal Herriko lurralde guztietan errepikatzen den fenomenoa da, adin-talde guztietan adinekoetan izan ezik. Badirudi, emakumeek eta gizonek euskararekiko izan ditzaketen irudi zein balio desberdinek hizkuntza-hautuan eragiten dutela.
Haurrek euskaraz egiteko joera dute
Adinaren araberako neurketan ondorioztatu dute, zenbat eta gazteagoa izan, euskararen erabilera handiagoa dela. 2 eta 14 urte artekoen artean, euskararen erabilera %65,1ekoa da; 15-24 urte artekoetan %59,4koa; 25-44 urtekoetan %57,4koa; 45-64 artekoetan %33,6koa; eta 64 urtetik gorakoen artean %19,7koa. Euskararen erabilerak gazteen, helduen eta adinekoen kasuan gora egin badu ere, haurren kasuan bost puntuko beherakada jaso dela nabarmendu dute.
Haurrak euren artean daudenean, gehiago egiten dute euskaraz, eta nagusiek euren artean gazteleraz egiten dute gehiago. Haurrek eta gazteek euskarara jotzeko joera handiagoa dute. Haurren, helduen nahiz adinekoen kasuan, ordea, erabilera jaitsi egiten da euren adin-tartekoekin soilik daudenean. Hauek dira atera dituzten ondorio orokorrak:
- Euskararen erabilerak goranzko joera du.
- Ibaiaren mendebaldeko eremuan atzeman da igoera nagusiki.
- Emakumeek gizonek baino gehiago egiten dute euskaraz kalean.
- Gero eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara kalean. Haurren arteko erabilera jaitsi egin da.
- Adin berekoen arteko harremanetan gutxiago erabiltzen da euskara.
- Haurren presentziak euskararen aldeko eragina du heldu eta adinekoengan.