«Azarolaren, Agirreren eta Belokitarren belaunaldiak lan bat merezi zuen»
Legazpiko bertsolaritzaren historia bildu du monografiko batean Felix Ibargutxi kazetariak. Bihar aurkeztuko du argitalpena Kultur Etxean, herriko bertsolari hainbat ondoan dituela.
Ez da denbora asko azken lana aurkeztu zenuenetik.
Ez. Elbarrenakoa bukatu nuen, eta segituan ekin nion honi. Aurkezpena Santa Lutzi inguruan egin genuen iaz, eta laster heldu nion lan berriari.
Zer da oraingoa?
Legazpiko bertsolaritzaren historia jasotzen duen 44 orriko argitalpena da, aldizkari monografiko bat. Legazpiko bertsolaritza pausoz pauso du izenburua, eta salgai jarriko dugu herriko liburu dendetan.
Zergatik aukeratu duzu bertsolaritza?
Ba ez bereziki bertsozalea naizelako. Iruditzen zitzaidan bazegoela belaunaldi bat, Azarola, Agirre, Belokitarrak… merezi zuena jasotzea bere testigantza, egin zutena eta pentsatzen zutena transmititzea. Belaunaldi horrek merezi zuen lan bat egitea.
Belaunaldi hori aipatu duzu, baina aurretik zer zegoen?
Liburuaren kontakizuna Arantzazuko amabirjinari jarritako bertso batzuekin hasten da, praileek argitaratutako Arantzazuko kondaira bertsoetan liburuan jasota zeudenak, 1854 inguruan. Burdinolako Jose Luis Ugartek eman zidan haien berri. Hor azaltzen da lehenengo aldiz Legazpiko bertsogintza. Telleriarte-Brinkolako Plazaola abizeneko batek konposatutako bertsoak ziren, eta Ugartek esaten du Pedro Ignazio Plazaola Plazaola, Erreizabal Txiki baserrian jaiotako gizona izan zitekeela.
Gerra ondorenera egiten duzu gero salto kontakizunean.
Bai, 1940-50 hamarkadetara. Brinkolako Iñaki Azarola eta Bittor Agirre Bitti eta Telleriarteko Beloki anaien garaiak ziren. Eta gero luzatzen naiz gaur eguneraino. Baina batez ere lehengo hamarkada horiek landu ditut.
Azarola eta Bitti ezagunak dira. Zer diozu Belokitarren inguruan?.
Patxi eta Agustin. Patxi bat-bateko bertsolaria zen, ona, gaztetan sari inportantea irabazi zuena, Loiola irratiak bertsolari gazteentzat antolatutakoa. Gero jarraitu zuen jende aurrean, baina Telleriarte eta Brinkola mailan bakarrik. Agustinek, berriz, bertsoak jarri egiten zituen, idatzi. Baina Agustin gehiago nabarmendu zen bertso saioak antolatzeagatik. Oso antolatzaile ona izan da, saiatua, langilea.
Beste Belokitar bat dago gaurko bertsolaritzan.
Bai, Patxiren biloba Ane Beloki. Liburuan ere aipatzen dut. Baina lehen esan dudan bezala, urteetan aurrera egin ahala, zenbait eta garai modernoagoetan murgildu, nire lerroak murrizten doaz. Agurtzane Elustondo ere aipatzen dut, Bertso-Olariak eskola ere bai… Gero etorriko dira horietaz idatziko dutenak. Gaurkoek oraindik asko iraungo dute, eta utzi diezaiegun beren ibilalditxoa egiten. Liburuxka honetan lehengo bertsolaritzaz hitz egiten dut batez ere.
Lehengo bertsolarien artean, belaunaldi bat aurrera eginda, Jokin Matxinandiarena dago.
Bai, dezente aztertzen dut Matxinandiarena, 1980eko hamarkadan nabarmendutako gizona. Belaunaldi horretako ordezkari bakarra izan zen eta da.
Nolakoa da liburua?
Ni ez naiz bereziki bertsozalea eta gutxiago oraindik bertsotan aditua, eta argitalpen honetan ez ditut aurkezten bertsolarien ezaugarriak edo estiloa… ez dut ulertzen, gainera. Elkarrizketak egin ditut, eta bakoitzaren perfil humanoa aurkezten dut, baina zenbait bertso ere sartu ditut.
Laguntzaile berezi bat edo izan omen duzu.
Orain dela bi urte egin nuen lehen elkarrizketa, Agirreri eta Azarolari, eta hara non azaldu ziren bakoitza liburu banarekin. Omenaldi liburuak ziren, Brinkolako Joxemaine tabernako Pello Agirrezabalek egin zienak. Argazkiak, testuak, bakoitzaren bertsoak… Azpimarratu nahi dut aspaldidanik lagun dudan Pellok egin zuen lana, oso aintzakotzat hartzekoa delako, omenaldi liburu bikainak direlako. Hiru egin zituen, hirugarrena Jexus Alberro eta Simon Azarolarentzat. Oso kontuan hartzekoak ziren, eta kontuan hartu nituen, eta eskerrak eman nahi dizkiot egin zuen lanagatik.
Legazpiko bertsolaritzak bi tenplu izan omen ditu.
Bai, bata Telleriarteko Nekazarien Anaidia, eta bestea Brinkolako Joxemañe taberna. Bertsolari zaharrek esaten dutenez, Patxinen pazientzia gutxiago zuten, izan ere, bertsolarien jarduna izango zen berandu hasten zena eta gero berandu bukatzen zena.
Liburua enkarguz idatzi duzu?
Ez, nire kabuz hasi nintzen. Aurreko liburua Burdinolarekin argitaratu nuen, baina orain ezin zutela esan zidaten, eta Bertso Olariak taldeko buruetako bat den Asier Iriondori eskaini nion ondoren. Laster esan zidaten baietz, gustura publikatuko zutela. Eta horrela izan da.
Bihar aurkeztuko duzu.
Bai, 19:00etan, Kultur Etxean, eta bertsolariak izango ditut alboan. Bi mahai-inguru egingo ditugu, bata bertsolari edadetuekin eta bestea bertsolari gazteekin. Azarola, Agirre eta Agustin Belokirekin izango da lehena, eta bestea Matxinandiarena, Asier Iriondo, Ane Beloki eta Jone Narbaizarekin.
Bertsoak entzuteko aukera ere izango al da?
Bai. Agustin eta Inozentzio Olearen bertso sorta bana kantatuko dute, musikarekin lagunduta.
Eta bertsoen ondoren, zer?
Badut beste proiektu bat esku artean, bai. Hegialdeko etxe eta baserrien historia daukat eginda, euskaraz eta gazteleraz, argazkiak bilduta ere bai han-hemen, etxe guztietan. Hori noiz argitaratu zain nago orain.












