Ezkion bidegorria luzatzeko bi faseetako lehena egingo dute
Ezkio-Itsasoko bailara barrenean zehar doan bidegorriak luzapena izango du. Ezkioko barrutian, Errotatik Eitzaga barreneraino luzatuko du udalak bizikletarien eta oinezkoen bidea. Bi fasetan gauzatuko dute proiektu hori, azaroaren 10eko osoko bilkuran onartuta.
Urtea bukatzerako egin beharko dute lehenbiziko fasea, Errotako biribilgune ingurukoa. Lanen esleipena Construcciones Antio enpresari eman dio udalak, 127.999 euroko aurrekontuarekin. Lehiaketa irekian eskaintzarik iritsi ez zenez, bigarren saiakeran, eta prozedura negoziatuaren bidez, hiru eraikitzaileri egin zien gonbidapena udalak; Antiok soilik erantzun zuen.
Ondoren, bidegorriaren bigarren fasea, Eitzaga barrenera bitartekoa, 2023an eraikitzeko asmoa dago. Lan horien lizitazio prozesua martxan jartzea onartu zuten bilkuran, aho batez.
Bullyingari buruz hitzaldia
Bestetik, Ezkio-Itsasoko udaletxean Bullying-egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu izenburudun hitzaldia izango da, haurren eta nerabeen gurasoentzat. 18:00etan hasiko da, udaletxeko batzar aretoan. Treba Gurasoak elkarteko Izaskun Lopez de Torre da hizlari.













