Hondakinak murrizteko kontzientziatzeko, 'photocall'-a jarriko dute larunbatean Ezkio-Itsason
'Lurraren zaindariak' kanpainarekin bat eginez, zabor sorkuntza gutxitzeko konpromisoa erakutsi ahalko da, Topa taberna aurrean.
Goierriko garaiko herrietan garatzen ari diren Lurraren zaindariak kanpaina Ezkio-Itsasora iritsiko da, larunbatean. Hondakinak murriztu beharraren aldarria egin eta konpromisoa hartzeko kontzientziazio ekintza bat da. Photocall edo argazkiak ateratzeko gunea izango da osagai nagusia. Uggasa garapen agentziak eta barrutiko lau udalek antolatu dute.
Ezkio-Itsasoren kasuan, larunbatean (azaroak 26) 18:30etik 20:00etara kokatuko dute photocalla, Topa ostatuaren kanpoaldean. Hiru aktorek girotuta, zuzeneko telebista saio baten parodia egingo dute, lehiaketa, sari eta guzti. ‘Lurraren zaintzaile’ izendatu, eta agiria eta poltsa berrerabilgarri bat emango diete partaideei.
Ekimen bera Urretxun eta Zumarragan ere egingo dute, larunbatean (12:00etatik 14:30era, Areizaga-Kalebarren plazan). Legazpin azaroaren 18an izan zen.