«Informazioa baino gehiago, komunikatzea gustatu zait»
EHUko Leioako Fakultatean (Bizkaia) kazetaritza ikasketak egin zituen lehen promoziokoa da Arantxa Irastorza (Zaldibia, 1960). Hark jarri zien ahotsa Euskadi Irratiko lehen emankizunei gaur duela 40 urte, Julian Belokirekin batera. Urtebete barru hartuko du erretiroa.
Gogoratzen al zara gaur duela 40 urte egin zenuten lehen emankizunaz?
Egun horretara iritsi arte egiten genituen zero zenbakiak eta probak ditut gogoan. Esatari batzuk Herri Irratitik zetozen, baina beste batzuk berri-berriak ginen. Dena ikasteko genuen.
Nolakoak izan ziren lehen pauso haiek?
Ilusio handikoak. Dena genuen egiteko, euskaraz ez baitzegoen ezer ia. Batez ere, genuen ilusioa nabarmenduko nuke.
Nolako tresneria zenuten?
Dena ondo bereizita zegoen. Kontrolistak zeuden, eta gu esatari. Garai hartan, teletipoak iristen ziren paperean: ta-ta-ta… Eta guk idazteko makina handi batzuk genituen. Kopiak ateratzeko, tipula papera erabiltzen genuen. Grabatzeko, berriz, zinta bobina handi batzuk erabiltzen ziren.
Lantaldean, jendeak sinesten al zuen irrati bat euskaraz egun osoz egin zitekeenik?
Dena ez zen imajinatu bezala izango, baina dena euskaraz egitea bazen zerbait. Bidea malkartsua izan zen, baina emozioz betea. 30 langile geunden Andia kaleko egoitzan, gauzak egiteko gogo handiarekin.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.