Zaintzaren arloan landu beharrekoak aztertzen hasiko dira Zaldibian
Emagin elkartekoek 'Nola zainduko dugu elkar?' hitzaldia egingo dute bihar, prozesua berrabiarazteko.
Zaintzaren arloa ia esklusiboki emakumeen bizkar erortzen den gaia izanik, Zaldibiako Udaleko Berdintasun mahaitik lanketari segida ematekotan dira. Orain arte burutu duten lehen hurbilpen fasearen ondotik, aurrera begira zer lanketa egin zehazten hasiko dira.
Lehenengo puntu gisa, Emagin taldekoek bihar egingo duten hitzaldia jarri dute. Nola zainduko dugu elkar? gaia jorratuko dute, azaroaren 24an, osteguna, 17:00etan, Karreane kultur etxean. Zaintzaren eremuan, gaur egungo eta etorkizuneko erronkak azalduko dituzte adituek. Joateko berdintasuna@zaldibia.eus webgunera baieztatu behar da.
Udalaren eta Emagin elkartearen arteko hartu-emana 2020an hasi zen. Covidaren pandemiak agerian utzi zuen zaintzaren inguruan gogoeta kolektibo eta banakakoak sustatu beharra. Iaz heldu zioten, eta herriko eragile eta norbanako ezberdinekin bilerak egin ditu udalak, zaintzan dihardutenen Zaldibiako errealitate ezberdinak ezagutzeko. Udan, Elkar zainduz arriskutsuak gara erakusketa jarrita amaitu zen lehen fasea.
“Orain, berriz, aurrera begira zer nahi dugun erabaki eta horri ekiteko unea iritsi da. Prozesu honekin aurrera jarraitzeko, epe motzera zer lanketa egin aurkeztu eta hitzartuko dugu”, azaldu du Zaldibiako Berdintasun arloak, biharko hitzaldiari buruz.