Josu Urrestarazuk eta Enara Oronozek irabazi dute Igartzako mendi duatloia
Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuitua gaur amaitu da, Igartzako probarekin. Gizonezkoen artean Josu Urrestarazu idiazabaldarra nagusitu da eta emakumezkoen artean Enara Oronoz nafarra. Sailkapen nagusia ere beraiek irabazi dute.
Gizonezkoen artean bigarrena Eneko Gurrutxaga Ugarte villabonatarra izan da eta hirugarrena Ander Uriarte bergararra. Bigarren emakumea Nekane Pradera Belar gasteiztarra izan da eta hirugarrena Ainara Pequeño Uranga zumaiarra.
Errelebo proba ere egin da. Endika Mantecon Intxausti eta Hugo Teixeira Matias zeraindarrek irabazi dute. Bigarren postuan Urtsuarango Julen Balerdi Aranburu eta Xabier Agirre Zubeldia sailkatu dira eta hirugarrenean Eskoriatzako Iker Eskibel Elortza eta Maite Urteaga Sorazu.
Parte hartzaileek 6,18 kilometroko mendi lasterketa egin dute, ondoren 11,5 kilometroko ibilbidea mendi bizikletaz eta bukatzeko 1,2 kilometroko mendi lasterketa. Irteera eta helmuga Dolarean izan dira eta lehen aldiz Usurbera igo dira. Proba nagusia abiatu eta gero, haurrentzako eta gaztetxoentxako lasterketa izan da.
Euskal Herriko zirkuituko azken proba denez, amaiera festa egingo dute, trikipoteo, afari eta sari-banaketa eta guzti.
Zirkuitu honek pisu handia du Goierrin, Igartzakoaz gain, Zegaman eta Arriaranen ere egiten direlako proba bana. Igartzako Mendi Duatloia Igarloi elkarteak antolatzen du, baina hamargarren edizio honekin agur esan dio lan horri. Nekea eta laguntasun falta dira arrazoiak. Hala ere, norbaitek lekukoa hartuko balie, laguntzeko prest daude.