Mariano Ferrer kazetari zenaren artxiboa Lazkaoko Beneditarren Fundazioak hartu du
Kazetariaren eta haren familiaren nahia izan da dohaintza egitea, eta ostegunean ekarri zituzten Donostiatik Ferrerren agiri eta artikulu kaxak. Hurrengo hilabeteotan funtsen deskribapenak egin, eta ikertzaileek eskura jarriko ditu Beneditarren Fundazioko dokumentazio zentroak.
Mariano Ferrer Ruiz kazetari eta irratiko esatariaren (Donostia, 1939- 2019) artxiboa Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren zentrora ekarri dute. Kazetariak lanerako erabiltzen zituen agiriak, dokumentazioa eta idatzi zituen iritzi artikuluak, irratiko gidoiak nahiz material ugari dago dohaintzan.
Dagoeneko Lazkaoko artxibategian dago Ferrerren artxibo profesionala. Lehengo ostegunean ekarri zuten Donostiatik. Ferrer bera hasi zen lehen antolaketa egiten, hil aurretik. Carmen Rizo alargunak bukatu du, eta hiru sail nagusi ditu Beneditarren dokumentazio zentroari eman dioten funtsak: Mariano Ferrerren pentsamendu politikoaren isla diren iritzi artikuluak; irrati eta telebistako lanetarako prestaketarako erabilitako oharrak eta idatziak; eta unibertsitateko eskoletarako –Deustuko Unibertsitateko irakasle izan zen, kazetaritza lengoaian– materialak.
Hainbat kaxatan, artxibatzailetan eta karpetatan antolatuta eman dizkiete Lazkaoko zentroko teknikariei. Orain, hurrengo hilabeteetan antolaketa hori arakatu, gaien eta materialaren deskribapenak egin, eta Mariano Ferrerren funts gisa Beneditarren artxibategian geratuko da. Ikertzaileek erabili ahal izango dute dagoen artxibo guztia, kazetariaren eta familiaren nahiz.
Helburu horretarako ez ezik, Ferrerren kazetari figuran sakontzeko ere balio dezake. “Lana nola egiten zuen islatzen da bere lan artxiboan: artikulu edo saioetarako aurretiko prestaketa dago hemen, nola prestatzen zen”, azaldu dute Beneditarren artxibokoek.
Mariano Ferrer XX. mendearen azken laurdenean Euskal Herriko gaztelaniazko kazetaritzaren erreferenteetako bat izan zen. Madrilen ikasi zuen Kazetaritza, baina Siracusan (AEB) sakondutakoan ase zuen jarduera askeagoaren egarria, eta bere ibilbide profesionalaren ikur bilakatuko zuen informazio eta kazetaritza askatasuna. Donostiako Herri Irratian 1971n hasi zen, eta 2004an erretiratu zen. El quiosco de la Rosi programa aireratu zuen, goizero, 30 urtean. Egin egunkariaren lehenengo zuzendaria izan zen, 1977an. El Mundo egunkarian zutabegile ere aritu zen, geroago.