Ormaiztegik mozorroen eta odolkien artean ospatu du bigarren asteburua
Omenaldiak ere egin dituzte, 35. odolki lehiaketan. Angel Elortza argazkilari-pregoilariak: "Denok gara gure herriko historiaren protagonista nagusiak"
Ormaiztegiko festek astebukaera betea izan dute. Angel Elortza argazkilariak pregoia eginda hasi ziren, ofizialki, ostiral arratsean. Udaletxeko balkoitik, hunkituta eta lehen suziria botatzeko ohorea edukitzeagatik esker oneko eman zien asteburuari eta jaiei hasiera. 1981etik, Ormaiztegiko eta ormaiztegiarren argazkiak atera ditu Elortzak. Pregoirako, jendetza bildu zen udaletxe aurrean.
“Ez dakit hainbeste merezi dudan, baina eskertzen dut eta saiatuko nahiz ahalik eta ondoen egiten”, esanez hasi zen Elortza pregoilari. Herriko argazkiak ateratzen duela 40 urte hasi zela gogoratu zuen, garai hartan modu xumean eta momentu jakinetan. “Ez nuen pentsatzen hura nire zaletasun handiena bihurtuko zenik”. Ondoren, 1990ean, Egin egunkariaren Oria-Urola eskualdeko ediziorako argazkilari hiru urtean ibilitakoan jabetu zen egiten zuen lanaren balioaz: “Konturatu nintzen argazki bakoitzak Ormaiztegiko historia bat kontatzen zuela eta jarraitzea erabaki nuen. Gerora iritsiko ziren Goierritarra, Goierriko Hitza, Goiberri, udalaren programetarako argazkiak eta beste hainbeste hedabide. Azken aldi honetan sare sozialetan partekatzen ditut mundu guztiarekin nik ateratako irudiak”.
Argazkilari lana eta emaitza herritar askok eskertu diote, “gehien bat kanpoan bizi diren ormaiztegiarrek, horrela herriarekin konektatuak sentitzen dira”. Hainbeste urtean eta hainbeste lan egin izanaren “sekretua”, bakarra dela argitu zuen: “Herriarekiko nire amodio-istorioa, eta baita lana pasioz egitea ere. Historia guztiek bezalaxe, baditu harro sentitzeko momentuak eta baita haserretzen nautenak ere”, esan zuen Elortzak.
Erretratatzeko gai guztien artetik, ormaiztegiarrak jarri ditu erdigunean: “Denok gara gure herriko historiaren protagonista nagusiak. Jaiotako aurpegi berriak, umeak nola kozkortzen diren, gaztetxoak garatzen, gazteak guraso bihurtzen eta azkenik gure aitona-amonak zoritxarrez desagertzen; bizitzaren legea omen da hori”. Herriko bizimodua eta herritarren bizitza, denak harrapatu ditu kamerarekin Elortzak.
Jaietan parte hartzeko eskaria luzatu zien herrikideei, “euskara ahoan eta belarrietan”. Emazteari eta familiari ere eskerrak eman zizkien –alaba Nerea argazkilari jarri zuen, pregoiaren unean berak ezin eta–.
Mozorrotuta, sekula baino talde gehiago
Mozorrotuena izan zen larunbata. Egun guztian zehar, kuadrillak eta taldeak kalean ibili ziren. Aspaldian aukerarik ez, eta herritar asko animatu da aurten mozorrotzera, eta sekula baino talde gehiagok eman du lehiaketarako ere izena. Izenik esan ez duten lau herritar anonimok epaitu zituzten, sarietarako.
Hala, 12-16 urte bitartekoen mozorro lehiaketan hiru sariok eman zituzten: mozorrorik originalea, Sendagileak taldeari; mozorrorik landuenarena, Minionsei; eta giro onena jarri zutenak, Perroflash taldeari.
Helduen mailan, 16 urtetik gorakoetan, beste horrenbeste sari zeuden. Artalde psikodelikoena izendatu zuten mozorrorik originalena; landuena Zentopia taldearena, eta giro onena ballet dantzariek ipini zuten.
Odolki eta osagai lehiaketa igandean
Asteburua bukatzeko, berriz, igandean 35. Odolki Lehiaketak bereganatu zuen arreta. Bederatzi odolkigilek aurkeztu zituzten hestebete gutiziatsuak, nahiz eta hamar zeuden izena emanda. Epaimahaiko kideek dastatu ondoren, Beasaingo Olano harategia izendatu dute irabazletzat. Zazpigarren aldiz lortu du Ormaiztegin lehen postua. Bigarren, 11 puntura, Zaldibiako Beheko Karnizeria, eta hirugarren bertako Deba izan dira.
Odolkiaren inguruan azoka giroko jarduera eta lehiaketa gehiago ere egin zituzten, igandean. Odolkiak egiteko osagaien lehiaketan, porru eta tipula onenen saria Ezkio-Itsasoko Maria Jesus Oriak jaso du; eta oregano, perrexil eta posturik onenen sariak, Mutiloako Juanita Murgiondok.
Omenaldientzat ere tartea hartu behar izan zuten. Antolakuntzan, batetik, Koldo Lasa sukaldari bergararra omendu zuten. Iaz itxi zuen Bergaran Lasa jatetxea, euskal gastronomiaren mahai entzutetsuetako bat. Ormaiztegik odolkiaren alde jarri duen alea eskertzeko, Urrezko Odolkia saria eman diote.
Hil berria den Izaskun Untzurruntzaga herritarrari –odolki lehiaketan lan egina hura ere– txalo zaparrada sentitua eskaini zioten. Luis Juan Unanuak, ekimenaren arima izana urte askoan, grabatutako mezu bat bidali zuen, eta bozgorailuetatik jarri zuten.
Sukaldaritzaren festa eremu gehiagotara ere zabaldu zen. Haurrak kozinan jardun ziren. Bestetik, odolkia osagaitzat hartuta, taldekako lehiaketa ere egin dute. Gazteentzako Juan Jose Lapitz saria Elene Gaztelu Debaren taldeak jaso du, eta sari nagusia Edurne Mendizabalen taldeak.
Ormaiztegiko Odolki Lehiaketaren irabazleak mende honetan:
- 2022. Olano (Beasain)
- 2021. Jesus Mari Deba
- 2019. Olano
- 2018. Olano
- 2017. Jon Urmeneta (Zegama)
- 2016. Olano
- 2015. Jesus Mari Garmendia
- 2014. Deba
- 2013. Jesus Mari Garmendia
- 2012. Olano
- 2011. Murua
- 2010. Deba
- 2009. Olano
- 2008. Olano
- 2007. Deba
- 2006. Patxi Larrañaga (Lasarte-Oria)
- 2005. Fernando Salegi (Zumarraga)
- 2004. Iñaki Campos
- 2003. Deba
- 2002. Deba
- 2001. Deba
- 2000. Iñaki Campos
San Andres bezpera eta eguna, azkenerako
Bi egun geratzen dira Ormaiztegin aurtengo festekin gozatzeko. Bihar, asteartea, San Andres bezperan, helduen danborrada izango da osagai nagusia.
Azaroak 29, asteartea
- 20:00. Helduen danborrada, Urolatarrak txarangarekin.
- Ondoren. Zubipe kiroldegian afaria, danborradan irten diren guztiek.
Azaroak 30, asteazkena. San Andres eguna
- 10:00-14:00. Haurren eta gaztetxoen jolas parkea, Zubipe kiroldegian.
- 11:30. Meza, San Andres elizan. Urmaiz abesbatzak abestuko du.
- 12:00. Hamaiketakoa, eliz atarian, udalak eta Baso-Txulo elkarteak antolatuta.
- 12:30. Herriko kultura jardueretan aritutako hiru herritarri eskertza ekitaldia, eliz atarian: Juan Mari Cuadrado, Heliodoro Etxeberria eta Jose Benito Esnaola ‘Lakiola’ omenduko dituzte.
- 13:00. Herri kirol jaialdia, karpan. Harri jasotzaileak: Joseba Ostolaza, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez. Aizkolariak: Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza, Irati Astondoa eta Uxue Antsorregi. Aurkezlea: Jose Angel Sarasola.
- 16:00-19:00. Haurren eta gaztetxoen jolas parkea, Zubipe kiroldegian.
- 18:00. ‘Luze edo motz’ bakarrizketa, gizarte-etxean.
- 19:00-21:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin musika-kalejira.
Abenduak 1, osteguna. Euskararen Eguneko ospakizunak.
- 18:00-20:00. Euskaraldiko photocalla, gizarte-etxean.
- 19:00. ‘Zozoak beleari ipurbeltz’ antzerki-zirkua, gizarte-etxean.
Argazkiak: Angel Elortza