Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria. Azken hamabi urteetan idazkari nagusi izan den Paul Bilbaok ez du segituko, eta beasaindarra izango da aurrerantzean kargu horretan. Atzo iragarri zuten aldaketa.
Kazetaritzan eta antropologian lizentziaduna da Eskisabel, kazetaritzan ibilbide luzea egindakoa. Euskaldunon Egunkaria-n eta Berrian, esaterako. Horrez gain, hedabide askotan kolaboratzaile ibili izan da, eta, egun, pentsamendu feministari eskainitako Eskafandra bildumako kontseilu editore taldeko kidea da, baita Lokatza podcastaren egileetako bat ere. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada, Hizkuntza eta Genero atalekoa. EHUko Kazetaritza graduan irakasle izan da oraintsu arte.
Izendapenaren berri emateko bideoan, Eskisabelek adierazi zuen «erantzukizunez eta lanerako gogoz» eman diola baiezkoa kargua hartzeko proposamenari. Hizkuntzaren auzia «gizartearen lehentasunetara» eramatea eta aliantzetan sakontzea jarri ditu helburutzat, euskalgintzako eragileekin nahiz euskalgintzatik kanpo aritzen direnekin: «Kohesio sozialaren eta justizia sozialaren arloan aritzen diren eragile guztiekin, hain justu, hizkuntzaren auzia, euskararen biziberritzea, arlo horretakoa delako».
Gaur hartuko du kargua, kontseiluaren mende laurdena ospatzeko ekitaldian. 25 urteotan kontseiluak hiru idazkari nagusi izan ditu eta, horietatik bi beasaindarrak izan dira. Xabier Mendiguren izan zen kontseiluaren lehen idazkaria.













