Polonian barrena ibiliko dira Irizarren autobus elektrikoak
Irizar e-mobilityren autobus elektrikoak Krakoviako (Polonia) kaleetan barrena ibiliko dira datorren urtean. Hala iragarri du Ormaiztegiko konpainiak. Markel Irizar Irizar e-mobilityko Europa ekialdeko arduradun komertzialak gaineratu du E-Mobilityk Poloniara egiten duen lehen salmenta dela, eta «horrek harrotasunez eta pozez betetzen gaitu. Gure autobus elektrikoekin, espero dugu Krakoviako hiritarren bidaien esperientzia aberastea, eta haien bizi kalitatean eragin positiboa lortzea», adierazi du. Are gehiago, autobusen kargagailuak ere Irizarrek ekoitziko ditu, Irizar Taldeko Jema Energy enpresaren bidez.
«Oso pozik gaude Krakoviako bidaiariek urtebetean Irizar e-mobilityko autobus elektriko berrietan bidaiatuko dutelako. Hau izango da Poloniako lehen elektromugikortasun proiektua konpainia horrentzat. Etorkizunean lankidetza ona espero dugu Irizar e-mobility-rekin», erantzun dio Marek Gancarczyk MPK Krakoviako bozeramaileak.
Ez dute zehaztu zenbat autobus erosi dituzten, ez eta akordioaren zenbatekoa. Argitu dutena da Irizar ie bus modeloko autobusak ditela. Erabat elektrikoak dira eta ez dute gas kutsakorrik isurtzen. Segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko teknologia du.












