Ormaiztegiko kulturari eman diotena eskertu diete hiru herritarri
Jose Benito Esnaola, Juan Mari Cuadrado eta Heliodoro Etxeberria herritarrek herriko ekitaldiak nahiz ekimenak antolatzen egin duten lanaren aitortza modura, udalak oroigarri bana eman die, San Andres egunean.
Ormaiztegiarrek San Andres eguna dute gaur ospagai. Eguerdian, ohiko juntadizoa egin dute plaza eta eliz atari inguruetan. Urmaiz abesbatzak abestuta, meza izan da San Andres elizan, eta irteterako Baso-Txulo elkartekoek lapikokada salda, txorizo egosi eta odolki prest zeuzkaten, eliz atarian bertan. Ilara luzea sortu da, eta otamena egiteko. Lagunekin eta herritarrekin hitz egin, aspaldikoak ikusi eta kanpoak bizi direnen bisitarako okasio aparta suertatu da gaurko eguartea.
Herriko kulturaren alde urte askoan eta gauza askotan lan egin duten hiru herritar omentzeko ere baliatu du udalak juntadizoa. Jose Benito Esnaola Lakiola, Heliodoro Etxeberria eta Juan Mari Cuadrado, hiru gizonezko, omendu dituzte. Bastoi banarekin lagunduta hurbildu dira elizako ate parera. Jon Enrique alkateak esker oneko hitzak zuzendu dizkie, eta oroigarri-plaka bana oparitu die herriaren izenean.
Hitzik esan gabe, baina hunkituta eta begiak malkoen mugan jaso dute aitortza hiru herritarrek. “Oso inplikatuta egon dira kulturan, beti herriaren alde egiteko prest. Gaur egun ez da hori hain ohikoa, doan eta herriarentzako lan egitea”, azaldu du Enriquek.
Juan Mari Cuadrado eta Jose Benito Esnaola Arrastoak bertako animalia arraza autoktonoen erakusketa-feria antolatzen ibili ziren, 2000ko hamarkadan. Bestetik, ormaiztegiarren Lierniko festa-eguna ere berreskuratu zuten, 1999an. Erromeria horren aipamenik zaharrena 1955ekoa aurkitu dute udaletxeko artxiboan. Galdu egin zen gero, eta urte askoan ez zen egin. Harik eta bi omendu horiek, herritar gehiagoren laguntzarekin, berreskuratu zuten arte, gaurdaino.
Heliodoro Etxeberria bildumazalea da. Era askotako objektuak eta gailuak jaso eta pilatu ditu. Erakusketak jarri izan ditu –askotan San Andres jaien garaian–. Argazki zaharrak, kromoak, postalak eta jasota zeuzkan beste hamaika gai erakutsi izan dizkie herritarrei.
Argazkiak: Aimar Maiz