Ekaitz Goikoetxearen bertso sarituak
TORTURENA DA… | |||
1.- Ez abokatu, ez kide, ez erizain, ez mediku, “Ostia, nire saihetsak!” “Ipurdia ez ukitu!”, “Joder, titiburuak ez, gelditu, arren, gelditu!” “Agian, zure lagunak salatuko bazenitu…” horrenbeste oroitzapen eta oihartzun zauritu, ez dira berez etortzen norbaitek ekartzen ditu. |
2.- Maindireek ez dezaten askatasunik baldintza, mamuek iraganean jokatzen dute aditza. Atzean utziagatik gazte garaiko bizitza, sumatzean eguneko ehenengo eguzki printza, amesgaiztoa da maizen ebakitzen dugun hitza, oraindik poltsa burutik kendu ezinik gabiltza. |
3.- Bigarren atxilo gauan, komisarian, inpentsan, eskuburdinak estutu, ohatilan luze etzan ta gogor astindu arren nekiena aitor nezan, aldiro urratzen ziren eskubideen defentsan, nire lagunen izenik ez zen agertuko prentsan, isiluneek ez dute sekula hainbeste esan. |
4.- Senideei bisita nahiz bis a bisik ez baimendu, noiznahi bakarturik eta isolaturik geunden gu; elektrodoak, bainera, elikagaiak laurdendu, azala larrutzeraino bizkarreko hotzak kendu… Geroztik igaro arren hogeita hamar abendu, ubeldurak joan dira, minak hemen jarraitzen du. |
5.- Ortzimuga marra gorri, argirik eza ilunpe, Lasa, Zabala, Arregi, Zabaltza, Agirre, Buke… Naparra ere gogora ekarri behar genuke, bereizi gintuztenetik joan dira hainbat urte. Askoren bizitzarekin jolasean dihardute, laster heriotza ere kendu egingo digute. |
6.- Torturena da sekula bukatzen ez den partida, antza, batzuek ez dugu heltzerik hogeita bira; nahiz Estrasburgok sarritan belarrietatik tira, Espainia ikerketei muzin egiten ari da, jainkoa ta justizia ere zer diren, begira, zalantzan jarritakoan soilik existitzen dira.
|
7.- Memoria partziala nabarmentzen den aldiko, bistan da begi batzuek ez gaituztela begiko; nahiz orbaintzeko ditugun hainbat zauri ageriko eta gu ere “biktimak” izango garen betiko, agian ez da guztiz geu izatea komeniko, gardenegiak bagara ez gaituzte ikusiko. |
8.- Nahiz ta gurekin primeran portatu kale gorria, instituzioei sartzen zaie izu-laborria; beltza nahiz zuria izan daitekeenez elorria, irakurri gabe pasa behar al dugu orria? Argitu ta aitortzea min guztien jatorria hori da herri honek behar duen ongi-etorria.
|
Doinua: Doinua: Gaur udaberri bat dabil (O.Iguaran). ‘Papa cuentame otra vez’ egokitua. | |||
HAMAIKA ENTZUTEKO | |||
1.- Billoba, gaur nolatan hator hain serio? ‘Maisuak hizketan ez dakizula dio! Egutegi dela ta ez kalendario…’ Nahiz ta urtetan gora hoan Hilario, hamaika entzuteko hago oaindio! |
2.- Hiztun txarrak geala amona ta biok, kaiku baten ahotik hori nola diok? Udek noa isurtzen dittun Danubiok… bost euroko azalpen ta komentariok, alu horri pitorik ulertze al diok? |
3.- Zeaman beti esan izan dek ebie, hau al dek aitzen dean lehenengo aldie? Larunbata zapatu, azoka perie, Kristoren dotriña ta Pernandon egie, hiri ikastolan ze eakusten die? |
4.- Hi eserita habil ta gu belauniko, baserriko atxurrak ez dittuk begiko. Eskola abonatzen ez hasi motiko, ze aditz erro ta ze zuhaitz sintaktiko! Hortik gosea baño etzaik etorriko. |
5.- Aspaldin bere doñu ta bere igurtzi, euskañola dek gure artean nagusi, ez napar, ez bizkaitar, eta ez giputxi, euskaldun jatorrik ez diagu ikusi, agiriko asko ta ageriko gutxi. |
6.- Ondo bereiztu fruta eta barazkiak, idatziz deskribatu goiko argazkiak… Hirugarren perfilla, C1 ta ostiak, tituloen atzetik zebiltzak guztiak, ba nik Realarenak nahikoa dizkiat. |
7.- Kokoteaño nagok aldez eta aldiz, batzuk astoz zoazak ta besteak zaldiz, zertako horrenbeste brillo eta barniz? Euskerea aittukohuke indar handiz erabiltzen dan aña hitz egingo balitz. |
8.- Nahiz euskaltzañak asmo txarrez ez dabiltzan, euskerek aho bizik erakarri ditzan, hire atton-amona ta gurason gisan, hik ere norbait izan nahi badek bizitzan, esanekoa baño hitzekoa izan. |
Doinua: Bizkaiko txerriarena |