Erosketa orgak eta aterkiak maileguan hartzeko zerbitzua jarri dute martxan udalak eta Ordizian elkarteak
Gaurtik aurrera, 100 saltokitan eskatu ahal izango dira aterkiak eta erosketa orgak, ondoren bueltatzeko.
Ordiziako Udalak eta Ordizian merkataritza elkarteak hainbat merkataritza eta ostalaritza establezimendutan aterkiak eta erosketa orgak maileguan hartzeko zerbitzua jarri dute martxan, Erabili eta bueltatu, hobe gertu, hobe hemen lelopean. “Erosleari ahalik eta erraztasun gehien ematea” da kanpainaren helburua, udalak adierazi duenez. Euria ari badu eta aterkirik ez badute, herritarrek ekimenarekin bat egin duten taberna edo dendetan eskatu ahal izango dituzte aterkiak, ondoren bueltatzeko, eta berdin erosketa orgak behar izanez gero. “Hala euria edo erosketen pisua ez da eragozpena izango tokiko merkataritza eta ostalaritzan erosketak egiteko”.
Ordiziako 100 saltoki batu dira ekimenera. 200 bat aterki izango dituzte bezeroentzat. Ordizian bulegoak ere eskainiko ditu. Zerbitzua amaitutakoan jatorrizko establezimendura itzuli beharko da materiala, beste bezero batek ere erabiltzeko aukera izan dezan. Parte hartzen duten establezimendu guztiek zerbitzuaren identifikagarri bat izango dute, eta horretarako diseinatutako kartelak jarriko dituzte. “Bezeroak lasaiago egon daitezke, aterkia ahaztuz gero edo erosketak egiten ari direnean eguraldiak okerrera eginez gero, saltokitik atera ahal izango dira mailegatutako aterki baten azpian, eta baldintza bakarra bueltatzea izango da”, azaldu du Ordizian merkataritza elkarteak.