Euskara ospatzeko egunak
Euskaraldiari amaiera emango zaio bihar, eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da etzi, abenduak 3. Beasainen, Gazteen Euskara Eguna ospatuko dute larunbatean. Igartzako jauregian mintzatertulia egin dute Seguran hitanoarekin izandako esperientziaren inguruan.
Euskara ospatzeko eguna izango da abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Goierrin, mota eta kolore guztietako ekitaldiak izango dira, egunean bertan, zein aurreko egunetan. Nabarmentzekoen artean, Beasainen, Gazteen Euskara Eguna ospatuko dutela, larunbatean, abenduak 3. Aittu! euskara taldearen ekimenez antolatu dute. Egun osoko festarekin, bihar amaituko den Euskaraldia , eta horren baitan antolatu den Hikaldia borobilduko dituzte.
Gizarte osoa, baina batik bat, gazteak eragin nahi ditu Aittu! euskara taldeak; haiek direlako etorkizuna. «Transmisioan» egin nahi da indarra, adinkideen arteko harremanetik sortzen den transmisioan. Hikaldiaren baitan, Aittu! taldeak hori proposatzen du: Gazteak elkartu eta adinkideen arteko sozializazioa eginez, hitanoaren transmisioa egitea. Izan ere, ikerketek erakusten dutenez, gazteen aktibazioa egoera informaletan gertatzen da, eta «hitanoa hizkera informala da». «Ikaratu gabe, hikaratzeko» deia eginez hauspotu dute hitanoa.
Aittu! taldeko lehendakari Patxi Saezek, Hikaldian izandako parte hartzeaz ere aipamena egin du. «Oso pozik» agertu da; «355 lagunek eman dute izena Beasainen bakarrik». Lehen aldia dela kontutan hartuta, «ikaragarria» iruditu zaio Saezi; «izandako erantzunarekin oso-oso pozik gaude, aurtengo arrakastarik handiena hori izan dela esango nuke». Aurrerantzean ere «oraingo ildotik lanean jarraitzeko kemena ematen du», iragarri du Saezek.
Egun osoko festa
Esan bezala, festa giroan ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna, eta egun osoko egitaraua antolatu dute, 11:00etan, Joaldunak izango dira, 12:00 trikipoteoa, eta 14:30ean, bertso bazkaria. Bakzarirako 100 lagun pasa daude izena emanda, eta ondoren, askoz gazte gehiago ere inguratuko dira, arratsaldean, musika emanaldiak izango baitira; 19:00 txaranga izango da eta Mugi panderoa erromeria 22:00etan.