Gabonetako argiak abenduaren 16an piztuko dituzte Beasainen
Eguberrietako argiteriaren kontsumoa erdira jaitsiko da iazkoarekin alderatuta. Nahiz eta apaingarri gehiago jarri diren, kontsumo txikiagoa dute eta iraupen laburragoan egongo dira piztuta
Gabonetako argiak abenduaren 16an piztuko dituzte Beasainen. Udalak beasaindarrak eguberrietako erosketak herrian egitera bultzatu nahi ditu. Argiteria bereziak horretarako bide ematen duela azpimarratu du udal gobernuak.
Argiteriari “behar duen garrantzia” eman diotela zehaztu dute udaletik. Hala, apaingarrien kopurua eta kalitatea hazi egingo da iazkoarekin alderatuta: Erauskin plazan hiru metroko diametrodun esfera bat jarriko dute. Gainera, Igartza Oleta kaleko 2-6 zenbakien arteko arkupeetan, Oriamendi kaleko faroletan, Nafarroa etorbideko zatirik zabalenean, Loinazko San Martin plazako kioskoan Ezkiaga auzoko frontoiaren aurreko plazan edota Udaletxeko barandak argiztatuko dituzte, besteak beste.
Kontsumoa erdira jaitsiko dutela zin egin dute, ordea. “Bizi dugun ezohiko egoera energia krisia dela eta, kontsumoa nabarmen murriztea” erabaki du udalak. Horretarako, aurreko urteetan baino ordu gutxiago egongo dira piztuta argiak: 108 ordu, denera. astelehenetik ostegunera, 17:30etik 22:00ak arte eta ostiraletan, astebukaeratan eta errege egunaren bezperan, 17:30etik 01:00ak arte. Lehen, ia 400 ordu egiten zituzten piztuta, argiteria publikoa piztuta egoten zen denbora osoan. Orduko kilowattez hitz eginda, 2.345tik 950era jaitsiko dela aipatu dute udaletik. Hau da, udal ordezkariek ere jakinarazi dute Eguberriko argiek Beasaingo Udalaren urteko elektrizitate kontsumo osoaren %0,04 soilik suposatuko dutela. Aurtengo argiteariaren alokairua eta instalazioa ArgilineX S.L. enpresari esleitu zaio 41.745 euroan (BEZ-a barne).
Urtarrilaren 6an itzaliko dituzte argiak, 2023ko gabonak arte.
Oposizioaren babesik, ez
Uztaileko osoko bilkuran eztabaidatu zuten eguberrietako argiteriak nolakoa izan behar duen. Udal gobernuren proposamenak aurrera egin zuen arren, ez zuen oposizioaren babesa izan. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, “arduragabea” delakoan. “Pobrezia energetikoa gora egiten ari den bitartean, nolabait, herritarrei barre egitea da”, esan zuen Hasier Agirre zinegotziak. Merkatariei laguntzeko beste bide batzuk esakatu zituzten, kontzientziazio kanpainak kasu. PSE-EEk abstentziora jo zuen.