Hikaz aritzea sarituko du Aittu! euskara taldeak
Beasainen 355 lagunek eman dute izena Hikaldian. 'Hika-mika' lehiaketan, berriz, hemezortzi bikotek parte hartu dute.
Euskaraldiaren barruan, Hikaldia ospatzen ari da, hitanoa sustatzeko helburuarekin, eta horren baitan, Beasaingo Aittu! euskara taldeak, Hika-mika lehiaketa antolatu du. Bikoteka aritzeko lehiaketa bat da, hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatzen ditu eta audio bidez grabatu eta bidali behar dira. Audioak bidaltzeko azken eguna gaur da.
Ekimenaren inguruan, Aittu taldeko lehendakari Patxi Saezek azaldu du, «18 bikotek parte hartu» dutela. Dena den, espero dute gaur ere audio gehiago jasotzea.
Partaideek bi ariketa egin behar dituzte; egoera desberdinak ematen zaizkie eta garatu behar dituzte hika erabiliz.
Bestalde, Hikaldian 355 lagunek eman dute izena Beasainen bakarrik. Lehen aldia dela kontutan hartuta, «ikaragarria» iruditu zaio Saezi; «izandako erantzunarekin oso-oso pozik gaude, aurtengo arrakastarik handiena hori izan dela esango nuke».