Joxe Insausti eta Segurako ahozko memoria
Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, proiektu berezi baten aurkezpena egingo dute larunbatean, abenduak 3, Seguran. Proiektu horrek Joxe Insausti Urbizu du ardatz, zehazki hari jasotako ahozko herri memoria. Ekitaldia 12:00etan izango da, Botikaxaharren.
Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, lan horren helburua «gure aurreko belaunaldiek bizi zuten Segura, bizimodua, kultura, ekonomia…» jasotzea da, ahozko trasmisioaren bidez pasa den ezagutza jasotzea, hain zuzen ere. Aldi berean, Joxe Insaustiri aitortza egitea ere nahi izan diote.
Segurako Udalak urte batzuk daramatza herriko memoria bereskuratze lanetan, eta 2014an helburu horrekin egin zuten Amantalek ixilean daramaten gerra dokumentala aurteztu zuten. Geroztik egin da lan gehiago arlo horretan, eta herritar talde batek bultzatuta eta udalak lagunduta beste dokumental bat egin zuten, Laureano Telleriak azalduta Segurari buruzko hainbat istorio eta kontakizun jasotzen zituena.
Orain egin dena, Joxe Insaustiri buruzkoa, Segurako ahozko memoriari buruzko hirugarren lana da, eta «Joxe Insaustik zuen ezagutza ere jasotzea» izan da helburua. Udalari «egokia» iruditu zitzaion lan hori, Insaustik Segurarekiko duen «ezagutza, memoria eta ahozko trasmisiorako gaitasuna ikusita». Bestalde, Insausti «bertsolari ezaguna» ere badenez, bertsolaritzak ere badu lekua proiektu honetan. Segurako Udalak ahozko memoria gordetzeko lanarekin jarraitzeko asmoa du, baina oraindik zehaztu gabe dauka zein izango den hurrengo proiektua.
Larunbatean laburpena aurkeztuko da eta dokumentu osoa liburutegian egongo da.













