Oiangukoek bi partida jokatuko dituzte Beti Alai pilotalekuan, bihar
20:30etik aurrera izango dira partidak. Lehen mailako Oiangu2koek EPLEkoen aurka jokatuko dute, eta bigarren mailako Oiangu2koek Andoaingo Gaztelekukoen aurka.
Oiangukoek bi partida jokatuko dituzte Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, bihar, 20:30etik aurrera. Lehen mailako Oiangu2koek EPLEkoen aurka jokatuko dute, eta bigarren mailako Oiangu2koek Andoaingo Gaztelekukoen aurka. Ez dira etxean jokatuko dituzten asteburuko partida bakarrak izango. Gaur, bigarren mailako Oiangu4koek Errenteriarren aurka jokatuko baitute, Olaberriko udal pilotalekuan. Bigarren mailako Oiangu1ekoek eta Oiangu3koek atsedena izango dute. Etxetik kanpo, berriz, lehen mailako Oiangu1eko bikoteak Donostiako Altza auzoan jokatuko du bihar.
Aurreko asteburua ez zen emankorra izan Oiangukoentzat emaitza aldetik. Sei partidetatik bi irabazi zituzten. Lehen mailako bi bikoteek galdu egin zuten. Lehen mailako Oiangu2koek (Irastorza-Olaran) ez dute aukerarik final erdietan sartzeko, baina Oiangu1ekoek (Ibarguren-Letamendia) oraindik lehian jarraitzen dute. Ligaxkako azken partidak irabazi beharrean daude.
Bigarren mailakoei dagokienez, Oiangu1 (Otegi-Etxeberria) eta Oiangu2koek (Naldaiz-Andonegi) lortu zituzten asteburuko garaipen bakarrak. Oiangu1ekoek final erdietarako borrokan jarraitzen dute, eta Oiangu2koek, aldiz, ia ziurtatuta dute txartela. Oiangu3 (Gonzalez-Agirre) eta Oiangu4ko (Ropero-Garrido) bikoteek ere galdu egin zuten. Oiangu3koen lehen porrota izan da eta aukera sendoak dituzte oraindik. Oiangu4koek, berriz, zailagoa izango dute final erdietara sartzea, baina aukerak badituzte.
Oiangukoek aipamen berezia egin nahi izan diote aurreko asteburuan Amasako pilotalekuan izan zuten topaketari. Oianguko benjaminak izan ziren bertan, Federazioak antolatutako topaketan.