Aresti, 40 urte irudimena eta sormena pizten
Aresti argazki eta liburu-dendak 40 urte bete ditu aurten. Lourdes Sasietak eta Jesus Udabek ireki zuten, argazki eta irakurzaletasuna suspertzeko, eta haurren irudimena eta sormena pizteko.
Aresti argazki eta liburu-dendak 40 urte bete ditu. Lehenengo Zumarragan eta egun Urretxun, herritarren artean argazki eta irakurzaletasuna suspertu du eta haurren irudimena eta sormena piztu ditu.
Duela 40 urte Urretxu eta Zumarraga egun baino grisagoak ziren eta Jesus Udaberen eta Lourdes Sasietaren dendak kolore eta bizitasun apur bat ekarri zuen. «Denda berritzailea izan zen. Biok merkataritza klasikoan lan eginak ginen eta eredu modernoagoa nahi genuen. Ordura arte erosleak mostradore baten aurrean dena eskatu beharra zuen eta Arestin material guztia eroslearen esku azaltzen zen, erosi aurretik dena ikusteko eta ukitzeko aukerarekin. Gainera, ordura arte eskolako materiala denontzat berdina zen: urdina edo marroia. Gu hasi ginen kolore eta marrazki erakargarriagoak eskaintzen. Marrazkiak zituzten koadernoak eta motxilak, adibidez», azaldu du Sasietak.
Haurrak protagonista
Beraien asmoa haurrei laguntzea zen, baita jostailu munduan ere. Horretarako, beti material didaktikoa saldu dute. Haurrak protagonista aktiboak izan dira beti Aresti dendan. Jesusek erakusleihoa haurren altuerara ipini zuen eta horrekin lotutako pasadizo asko dituzte. «Behin batean, ama bat umea falta zela konturatu zen. Denok bere bila hasi ginen. Jesusek bere bizikleta (hain ezaguna denontzat) hartu zuen eta inguruko tokietara joan zen: parkea, erreka ingurua… Denbora dezente pasa zen eta Udaltzaingora joatekotan ginen. Halako batean, denda aurreko espaloian zegoen emakume batek erakusleiho barruan ume bat zegoela jakinarazi zigun. Hantxe zegoen, lasai-lasai, bertako jostailuekin jolasten. Gai asko landu ditugu erakusleihoan: suhiltzaile parke bat, elur egun bat…».
Argazki mundua ere asko landu dute. «Bi herrietako etxe guztietan daude Jesusek ateratako argazkiak, ekitaldi guztietan parte hartzen baitzuen gero argazki horiek saltzeko asmoz: jaiak, kirolak, ezkontzak, jaunartzeak…».
Biak irakurleak izanik, kultura ere beti egon da presente Aresti argazki eta liburu-dendan. Irakurketa asko bultzatu dute, mota guztietako erosleei aholkatzen. «Herritar askok bertan erositako liburuak atzerrian bizi diren senitarteko eta lagunei bidali dizkiete».
Bestalde, beti hemengo idazle eta argitaletxeei laguntzen saiatu dira. «Ahal izan dugunean idazle ezagunen bat ekarri dugu bere liburua aurkeztera. Eta beste alde batetik, herritarrek idatzitako liburuak eskaini ditugu beraien sormena bultzatzeko asmoz».
40 urte hauetan herritar asko pasa da Arestitik eta mukiak erakusleihoan uzten zituzten haurrek, egun beraien seme-alabentzako jostailuak, eskolako materiala eta ipuinak erosten dituzte. «Aresti beti izango da beraien bizitzaren zati txiki bat. Mila esker zuen fideltasunagatik Jesusen eta bion izenean».