Altzok bihar egingo du Hiru-Ekin kirol erronka
Zaldibiako plazan hasiko du erronka 12:00etan, 80 ontzako bi enbor ebakiz.
Eguraldi desegokiagatik bi aste atzeratu ondoren, Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarrak bihar gauzatuko du Hiru-Ekin izendatu duen kirol erronka. Zaldibiako plazan 12:00etan hasiko da, eta hiru modalitate kateatuta, marka jarrita utziko du.
Lehenbizi, plazan 80 ontzako bi egur ebakiko ditu, aizkorarekin. Jarraian, bizikleta hartu eta Olakosaroira igoko da, errepidez. Luzean 3,55 kilometro eta desnibelez 273 metro positibo da zati hori. Azken zatia oinez egingo du, Olakosaroitik Ausa Gaztelu mendiaren gailurreraino: 1,4 kilometro luze eta 450 metroko desnibel positiboa, batez beste %32,8ko maldarekin.
Denbora ofizialekin
Abuztuan bete zituen Altzok 68 urte, eta kirol erronka hirukoitz horrekin, etorkizunerako marka jarri nahi du. Ordubete eta laurdenen azpitik egingo duela kalkulatu du.
Ibilbidea zehatz-mehatz erregistratuko dute, eta Gipuzkoako Atletismo Federazioak neurtuko du, etorkizunean beste inork proba errepikatu eta marka puskatzen ahalegindu nahi balu.