Artxibo historikoak, klik batera
Lazkaoko eta Segurako udal artxibo historikoetako agiriak digitalizatuta Interneten jarri ditu Euskadiko Artxibo Historikoak. Dokuklik guneko 'Badator' zerbitzuan daude
Teknologia digitalak ikaragarri erraztu du historialarien eta zaletuen lana. Artxibategietara bertara joan, agiriak aurkitu, banan-banan irakurri eta katalogatzeko lana, behintzat, aurreratu zaie zenbait kasutan —ez beti—. Eusko Jaurlaritaren menpeko Euskadiko Artxibo Historikoak Interneten eskaintzen du, doan eta edonoren eskura, agiri zahar ugari kontsultatzeko zerbitzua, dokuklik.euskadi.eus gunean.
Bi atal nagusi ditu webgune horrek: erregistro sakramentalen datu-basea batetik, zuhaitz genealogikoak egin nahi dituztenentzat tresna baliagarria, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1500-1900 bitarteko Eliza katolikoaren jaiotza, ezkontza eta heriotza erregistroekin (5,6 milioi izen edo erregistro ditu).
Bestea, Badator bilatzailea, gai, herri edo pertsonaia bati buruzko agiri historikoak aurkitzeko eta kontsultatzeko gunea.
Lazkao eta Segura gehituta
Hain zuzen, azken zerbitzu horretara gehitu ditu aste honetan Euskadiko Artxibo Historikoak Lazkaoko eta Segurako udal artxibo historikoetako dokumentu digitalizatuak. Beste herri eta funts askotako materiarekin batera, Goierriko bi udalerri horietan gorde diren agiriak, eskriturak, epaiak eta auzibideak, eta beste hainbat jakingarriren agiriak batu dituzte.
Bilatzailean hitz gakoa jarrita, zerrendatzen diren dokumentuetan klikatuta irits daiteke jatorrizkora. Gehienak —salbuespenen bat kenduta— digitalizatuta daude Lazkaoko eta Segurako funtsen kasuan, eta dokumentua irakur daiteke; ordenagailura ere deskarga liteke. Lazkaoko Udalean, esate baterako, iaz aritu zen enpresa espezializatu bat artxibo historikoko agiriak eskaneatzen.
Asteazkenean, azaroak 30, igo zituzten zerbitzura berritasunak. Lazkao eta Segurarekin batera, EHATE elkartearen dokumentazioa ere kontsulta daiteke orain; euskal artzain txakurren lehiaketak antolatu izan ditu.
Denborarekin, geroz eta funts gehiago ikus litezke digitalizatuta Badator zerbitzuan. Goierrikoak, aurrez txertatuta zeuzkaten makina bat agiritegi. Iaz, Zegamako udal artxibo historikoa sartu zuten. 2020ko otsailean, Joxe Migel Barandiarani buruz Intxausti Baitak zeukan funtsa, fundazioaren bildumakoa.