CAFek 550 milioi euro bideratuko ditu garraio enpresak bereganatzeko
Administrazio kontseiluak 2026ra arteko Plan Estrategikoa aurkeztu du. Urtetik urtera hazten jarraituko dutela espero dute, 4.800 euroko salmentak lortu arte. Salmentak bikoiztu ditu.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/12/2022-12-02-p003_f01-1200x843.jpg)
CAFek 550 milioi erreserbatu ditu garraio-sektorearekin lotutako enpresak erosteko, 2026ra arteko estrategiaren barruan. Balizko salerosketa horiek, beraien kalkuluen arabera, 400 milioiko diru-sarrerak ekarriko dizkie etorkizunean. Tren-azpiegiturak garatzeko planentzat eta hiri-mugikortasun iraunkorragoa lortzeko «funtsezkotzat» joko dituzten proiektuak lehenetsiko dituzte inbertsioak egiteko garaian. Aldi berean, Europako, Ipar Ameriketako eta Asiako eta Pazifikoko merkatuak hobetsiko ditu.
Beasaingo multinazionalak atzo aurkeztu zien Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari eta inbertitzaileei 2026. urtera arteko Plan Estrategikoa. Bertan dago jasota sektoreko beste enpresa batzuk erostea, esaterako.
Urtetik urtera hazten jarraitzeko aurreikuspenak ditu taldeak. Lau urte barru 4.800 milioi euroko salerosketak izatea aurreikusten dute. Iaz 2.943 milioi euroko salmentak izan zituen.
Hazkunderik handiena autobus elektrikoen alorrean aurreikusi dute. Euren kalkuluen arabera %80 haziko dira Solaris taldearen irabaziak Plan Estrategiko berriaren amaieran. Zenbaki gordinetan, 1.300 milioi euroko salmentak izango lirateke. Halere, trenen adarrak jarrituko luke pisurik handiena izaten. 3.500 milioitik gorako salmentak lortzea espero dute, egun baino ia %60 gehiago.
CAFek uste du trenbideen merkatua % 3ko urteko erritmoan haziko dela 2027ra arte. 2023-2026 aldian 1.500 milioitik 2.000 milioira bitarteko proiektuak erakartzea espero du. Dagoeneko 70 «aukera» identifikatuta ditu mundu osoan, % 30eko «arrakasta-tasarekin».
Bide onetik
Plan Estrategiko berria hastekoa, zaharra amaitutzat jo zuen Javier Marti?nez Ojinaga kontseilari ordezkariak. 2016an zehaztu zuten azken urteetan egindako bidea, eta balorazio positiboa egin zuen. Besteak beste, Solaris autobus konpainia poloniarraren salerosketa goraipatu zuen, CAF Taldeari merkatu berriak ireki dizkiolako. Salmentak 1.300 M€ ingurukoak izatetik 3.000 M€ ingurukoak izatera igaro dirala esan zuen.