Euskaraldiari agur esateko plazan elkartu dira Ordiziako ikasleak
Bertso bat kantatu dute Urdaneta-Oiangureneko eta Jakintzako ikasleek, eta mezuak utzi dituzte Euskaraldiko ariketen inguruan.
Euskaraldia gaur amaituko da. Bihar, berriz, Euskararen Eguna izango da. Bi ekimenen harira, Ordiziako plazan nagusian elkartu dira Ordiziako Urdaneta Ikastetxeko, Oianguren Institutuko eta Jakintza Ikastolako ikasleak, Euskaraldiari agur esateko eta Euskararen Eguna ospatzeko. Bertso bana kantatu dute, eta mezuak utzi dituzte plazan eskegita. Amaitutakoan, ikasgeletara itzuli dira.
- Jakintzakoek abestutako bertsoa:
Gehien maite dugun hizkuntza hau
ospatzeko bildu gara
guztiok euskaraz egitean
ematen digun zirrara
builaka esan beharko dugu:
“hauxe gure hizkuntza da”
goazen saiakera egitera
inoiz ez galtzeko euskara.
- Oiangureneko ikasleen bertsoa:
Euskaraldia jada hemen da
gaude data pozgarrian
ta hona gatoz euskararen alde
askatasun aldarrian
belarriak prest aho bizi
bakoitza bere neurrian
baina euskara entzun dadila
euskal zaleen herrian.